Geroa Baik hainbat inbertsio sustatu ditu Nafarroako aurrekontuetan eskualderako

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 3a, 14:30
Ameriketako euskal artzainen museoa Elgorriagan.

Guztira, 178.000 euroko zuzenketak egin dituzte aurrekontuetan

Geroa Baik hainbat proiektu eta hobekuntzara bideratutako inbertsioak bultzatu ditu Baztanen eta eskualdean 2023ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan:

  • 45.000 euroko inbertsioa sustatu dute Arxuria (Peña Plata) gunera ailegatzeko bidea hobetzeko, parapente eta delta hegalen jarduerak erraztuz. Gaur egun, delta hegalaren erabilera mugatua da bertan, irisgarritasun arazoak direla eta.
  • 60.000 euroko partida baten bidez, Lekarozko gazte aterpetxeko igerileku zaharrean pumptrack pista bat (bizikleta edo monopatinean ibiltzeko zirkuitua) eginen dute. EH Bildurekin batera aurkeztutako 20.000 euroko zuzenketa batekin, berriz, atletismo pisten konponketa lanei ekinen diete.
  • 5.000 euroko bertze partida batekin, Baztangoizan abiadura moteltzeko oztopoak paratuko dituzte errepidean.
  • 18.000 euroko zuzenketa bat sustatu dute Euskal Artzainak Ameriketan elkartearendako, webgunea eguneratu ahal izateko eta Elgorriaga eta Orbaitzetako museoetan hobekuntzak egiteko.
  • 30.000 euroko laguntza bultzatu dute 'Larraun jasangarria' proiektuarendako, aurreproiektu eta aurreko azterlanak egiteko.

Zuzenketa hauekin, koalizioak «2019an ekin zion udalgintzaren aldeko lanari segida ematen dio, eta Nafarroako aurrekontuetan parte hartze bertze modu bat badagoela frogatzen du».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun