Euskal Herriko sokatira txapelketan gizonezkoen 600 kiloko lehen jardunaldia izanen dute bihar Erandion

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 3a, 16:00
Amaiurko mutilek parte hartuko dute 600 kiloko txapelketan.

Bihar, otsailak 4, hamar talde ariko dira lehian: Amaiur eta Beti Gazterekin batera, Abadiño, Antsoain, Berriozar, Gaztedi, Goiherri, Ibarra, Ñapurrak eta Txantrea

Euskal Herriko sokatira txapelketak aitzinera segitzen du. Orain arte jokatutako hiru txapelak (gizonezkoen 680 eta 640 kilokoak eta emakumeen 540 kilokoa) Lesakako Beti Gaztek irabazi ditu, baina oraindik nagusien lau pisutako txapelak (gizonezkoen 600 eta 560 kilokoa, emakumeen 500 kilokoa eta mistoa) eta junior eta 23 urtez beheitikoak jokatzekoak dira. Otsailean sartuta,otsailaren 4an, Erandion (Bizkaia), 600 kiloko gizonezkoen lehen jardunaldia jokatuko dute. Kategoria honetan hamar talde lehiatuko dira: Amaiur eta Beti Gazterekin batera, Abadiño, Antsoain, Berriozar, Gaztedi, Goiherri, Ibarra, Ñapurrak eta Txantrea.

Otsailaren 11n, Abadiñon (Bizkaia), emakumezkoen 500 kiloko lehen jardunaldia jokatuko dute. Bederatzi talde ariko dira kategoria honetan: Amaiur, Beti Gazte, Abadiño A eta B, Badaiotz, Berriozar, Gaztedi, Ibarra eta Txantrea.

Otsailaren 12an, Abadiñon jokatuko dute 600 kiloko gizonezkoen bigarren jardunaldia.

Otsailaren 18an, Berangon (Bizkaia), 500 kiloko emakumezkoen bigarren jardunaldia eta 600 kiloko gizonezkoen finala jokatuko dituzte.

Otsailaren 25ean, Laukizen (Bizkaia), emakumezkoen 500 kiloko finala eta gizonezkoen 560 kiloko txapelketa, saio bakarrean, jokatuko dituzte. Gizonezkoen pisurik arinenean Beti Gazte izanen da eskualdeko ordezkari bakarra eta Abadiño, Berriozar, Gaztedi, Goiherri, Ibarra, Ñapurrak eta Txantrearekin lehiatuko da.

Martxoko lehen asteburuan, larunbatean, martxoak 4, junior eta 23 urtez beheitiko txapelketa jokatuko dute Abadiñon (Bizkaia) eta igandean, martxoak 5, txapelketa mistoko (580 kilo) finala Ibarran (Gipuzkoa). Hau izanen da talde gehien bilduko dituen txapelketa, hamabi guztira. Amaiur eta Beti Gazterekin batera, bina talde paratuko dituzte goma gainean Abadiñok, Gaztedik eta Ibarrak eta bana Antsoain, Badaiotz, Berriozar eta Goierrik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun