Ados elkartearen binakako pilota txapelketako sailkapenerako jardunaldi erabakiorra dator

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 2a, 20:00
Etxekolonea, Etxebeste, Iturriaga eta argazkian ageri ez den Zabaleta ariko dira asteburu honetan binakako partidetan.

Ortziralean Altsasun, larunbatean Izurtzan eta igandean Antzuolan jokatuko dituzte partidak 

Abenduaren 13an Zumarragan aurkeztu zuen Ados Pilota elkarteak binakako txapelketa eta martxa onean aitzinera doa. Bera, Latasa, Sunbilla, Etxebarri, Zegama, Lizarra, Lizartza, Azkoitia, Otxandio, Leitza, Agurain eta Etxebarritik igaro da dagoeneko txapelketa. Asteburu honetan, berriz, ortziralean Altsasun, larunbatean Izurtzan eta igandean Antzuolan jokatuko dituzte partidak eta guztietan izanen dira eskualdeko pilotariak.

  • Otsailaren 3an, ortziralean 19:00etan Altsasuko Burunda pilotalekuan hasiko den jaialdiko lehen partidan Etxebeste beratarra eta Capellan, Etxekolonea zubietarraren eta Mujikaren kontra ariko dira eta bigarrenean, Ruiz de Infante eta Orbegozo, Zabaleta leitzarraren eta Agirrerekin kontra.
  • Otsailaren 4an, larunbatean 18:30ean Izurtzan, Etxebeste beratarra eta Capellan, Aldaregia eta Mendiburuaren kontra ariko dira lehen partidan, eta Ruiz de Infante eta Orbegozo, Etxekolonea zubietarraren eta Mujikaren kontra, bigarrenean.
  • Otsailaren 5ean, igandean 11:30ean Antzuolan (Gipuzkoa), azkenik, Ibarrola eta Insausti, Gordon eta Oskozen kontra eta Iturriaga leitzarra eta Galeano, Arrieta eta Zabalaren kontra ariko dira.

 

Barrocal eta Ruiz de Larramendi sailkapen buru

Orokorrean lehia estu eta borrokatuak izan dira asteburuz asteburu. Pilotariak maila handian ari dira eta partidu onak jokatu dituzte, pilotalekuetara hurbiltzen ari den jendearen gozamenerako. 

Sailkapenari begira, bereziki bikote baten sendotasuna nabarmentzen da berehala. Izan ere Maddi Barrocal eta Olatz Ruiz de Larramendik jokatu dituzten bortz partidak irabazi dituzte.  Guztiz kontrakoa da Eneritz Arrieta eta Irati Zabalaren egoera. Kinka larrian daude sailkapeneko azken postuan eta asteburu honetako garaipena ezinbertzekoa izanen dute txapelketan jarraitzeko aukeraren bat izateko. 

Sailkapeneko bertze postuetan dagoen lehia handia da eta partidu bakoitzean jokatzen den puntuak urrea balio du finalerdietarako eta final laurdenetarako txartelak baitaude jokoan. Gogoratu behar da lehen bi sailkatuak zuzenean finalerdietara sailkatuko direla eta 3-6 4-5 postuan sailkatuak final laurdenak jokatuko dituztela. 

Asteburu honetatik hasita eta sailkapen fasea bukatzeko, Altsasu, Izurtza, Antzuola, Aizarnazabal, Durango, Lekunberri, Zierbena eta Lazkaon izanen dira hurrenez hurren. 

Behin sailkapen fasea bukatuta, final laurdenak Tolosan jokatuko dituzte eta finalerdiak Azpeitian nahiz Iruñeko Labrit pilotalekuan. Final handia, noski, Zumarragan martxoaren 5ean. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun