A-15 autobidea itxiko dute asteburuan

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 2a, 18:00

Gipuzkoako Foru Aldundia ostiralean hasiko da A-15 errepidean Gorosmendi eta Oindolar tuneletan berrikuntza lanak egiten. Bi tuneletako desbideratzea era seguruan egiteko errepidea itxi egingo dute ostiraletako 22:00etan hasi eta igandeko 22:00ak bitarte. Andoaingo noranzkoan Berastegiko lotunetik aurrera moztuko dute trafikoa, eta Iruñeko noranzkoan, berriz, Sorabillako (Andoain) lotunetik aurrera. 

Tunelen estaldura sendotzeko eta instalazioak egokitzeko egingo dituzte lanak Gorosmendiko (Iruñeko noranzkoan) eta Oindolarreko (Donostiarako noranzkoan) tuneletako obrak. 

Obra horiek era seguruan egiteko eta autobia segurtasun neurri egokiekin irekita mantendu ahal izateko, bi tuneletan dauden hodiak itxiko dituzte, eta behin-behinean, tunel bakoitzeko beste hodietatik desbideratuko dute trafikoa. Lanak zortzi hilabeteren buruan bukatzea aurreikusi dute. 

Desbideratze horiek era seguruan egiteko moztuko dute trafikoa asteburuan, ostiraleko 22:00etatik hasi eta igandeko 22:00ak arte. Errepidea itxita dagoen bitartean, ondorengo bideak hartzeko gomendioa egin dute: 

  • Lekunberrira edo Leitzara doazenek, GI-2135 errepidea (Tolosa-Lekunberri), Tolosatik barrena pasata, erabili ahal izango dute.
  • Nafarroatik Gipuzkoarako ibilbide luzeetarako, N-1 errepidea Altsasuraino, ondoren, Irurtzunen A-10 autobia hartuz. 
  • Gipuzkoatik Nafarroarako ibilbide luzeetarako, A-15 autobiako erabiltzaileek N-1 errepidetik jarraitu beharko dute, Gasteizerantz, Altsasuraino, eta A-10 errepidetik Irurtzuneraino.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun