Doneztebeko Erreka pilota elkarteak antolatutako eskuz binakako 21. Pilota txapelketako elite eta senior mailako finalerdiak jokatu dituzte otsailaren 2an, asteazken arratsaldean, Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Elite mailako finalean eskualdeko bi aurrelari aurrez aurre izanen dira finalean: Ugaitz Elizalde iturendarra eta Beñat Apezetxea goizuetarra.
Elite mailako lehen finalerdian, Goizuetako Beñat Apezetxeak (Erreka) eta Mundarroko Lizeagak 22-14 irabazi zieten Oihan Canabal igantziarrari (Oberena) eta Errekako Cuairani. Bigarren finalerdian emaitza errepikatu zen, eta Zugarraldeko Ugaitz Elizalde iturendarrak eta Iruritak (Oberena) 22-14 irabazi zieten Oberenako Berruete eta Lazkozi
Senior mailako finalean ere eskualdeko pilotari bat izanen da, Oberenako Oier Ariztegi lekaroztarra. Lehen finalerdian, Paz Zigandako Lakabe eta Peñalverrek 22-9 irabazi zieten Mikelarena (Buruzgain) eta Oberenako Unax Apeztegia elizondoarrari. Bigarrenean, Oberenako Oier Ariztegi lekaroztarrak eta Lapkeko Erlek 22-16 irabazi zieten Epleko Olaizola eta Odriozolaren kontra.
Finalak otsailaren 18an
Malerrekako eskuz binakako 21. Pilota txapelketako finalak otsailaren 18an jokatuko dituzte Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan eta dagoeneko zortzitik lau finaletan zein ariko diren erabaki da.
Elite mailan, Apezetxea eta Lizeaga, Elizalde eta Iruritaren kontra ariko dira.
Senior mailako finalean, Lakabe eta Peñalver, Ariztegi eta Erleren kontra ariko dira.
Maila ttikienetan, berriz, benjamin mailako finalean, Goñi eta Zubieta (Bortziriak), Oberenako Mauleon eta Riparen kontra ariko dira eta alebin mailan, Telletxea eta Igoa (Bortziriak), Lagunak-eko Arrieta eta Etxegarairen kontra.
Igande honetan, otsailak 5, jokatuko dituzte Donezteben infantil, kadete eta jubenil mailako finalerdiak.