Euskaltzaindiak 2022an zendutako zazpi euskaltzain omendu ditu Donostian, horien artean Pello Apezetxea

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 30a, 19:30
Patxi IƱigo euskaltzain urgazlea Pello Apezetxearen hilberri-txostena irakurtzen ari zenean.

Urtero, Euskaltzaindiak gorazarre egiten die aitzineko urtean hildako euskaltzainei, izan oso, emeritu, ohorezko edo urgazle. Ohiturari jarraituz, iaz zendutakoak omendu zituen Akademiak joan den ortziralean, Donostiako Luis Villasante Euskararen Ikergunean. Pello Apezetxea ohorezko euskaltzainaren biografia laburra Patxi Iñigo euskaltzain urgazleak irakurri zuen.

Dantzariaren ohorezko aurreskuak egin zuen sarrerakoa, eta ondotik banan-banan irakurri zituzten iaz hildako zazpi euskaltzainen hilberri-txostenak.

Honela, Pello Zabala idazle eta ohorezko euskaltzain gipuzkoarraren hilberri-txostena Paulo Agirrebaltzategi ohorezko euskaltzainak irakurri zuen. Pello Zabala arras ezaguna zen Euskal Herri osoan. Musikazalea, irrati esataria eta meteorologoa, gizon apal bezain adeitsua izan zen. Euskararen eta euskal kulturaren mesedetan eginiko lanak kontuan izanik, Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen fraide frantziskotarra 2018an.

Pello Apezetxea etnografo, idazle eta ohorezko euskaltzainaren profila Patxi Iñigo euskaltzain urgazleak irakurri zuen. TTIPI-TTAPA FUNDAZIOAren burua izan zen Apezetxea, eta Herria 2000 Eliza erakundeko kide ere bai. Euskal kultura eta etnografiari buruzko liburu ugari idatzi zituen, eta 2004ko azaroaren 26an ohorezko euskaltzain izendatu zuen Euskaltzaindiak.

Ondotik, Iñaki Segurola hizkuntzalari eta euskaltzain urgazlearen bizitza aletu zuen Joseba Lakarra euskaltzain osoak. Euskal Filologian lizentziaduna (UPV/EHU), Euskaltzaindiak 1991ko urtarrilaren 31n izendatu zuen urgazle. Urte luzez, honako batzorde hauetan egin zituen bere ekarpenak: Orotariko Euskal Hiztegia lantaldea (1989-2005), Hiztegi Batuko lantaldea (1993-2009), eta Euskal Hiztegi Etimologikoa egitasmoa (2010-2021). Idazlea ere bazen Segurola. Lan ugari idatzi zuen, tartean, Nere gorringotik (2008, Alberdania), Sed quia sua (2020, Erein) edo Koiteretzia (2021, Alberdania).

Miren Jone Azurza kazetari eta ohorezko euskaltzainaren txostena Nerea Azurmendi euskaltzain urgazleak irakurri du. Miren Jone Azurza aitzindaria izan zen kazetaritzan: lehen kazetari tituludun emakumezko euskalduna; hedabide bat zuzentzen lehen emakumezkoa... Historian lizentziaduna (Deustuko Unibertsitatea), Zeruko Argiako zuzendari izan zen zortzi urtez (1969-1977). Deia, Garaia eta Muga bezalako hedabideetan ere jardun zuen. 2011n Ohorezko Rikardo Arregi Saria jaso zuen, eta 2018ko apirilaren 27an, ohorezko euskaltzain izendatu zuen Euskaltzaindiak.

Eustasio Etxezarreta euskaltzain urgazle gipuzkoarraren hilberri-txostena Lontzo Zugazaga ohorezko euskaltzainak irakurri du. Haurtzaroko ikasketak Andoainen egin zituen Etxezarretak, eta apaiz-ikasketak Donostiako seminarioan. 1963an, Donostiako elizbarrutiko apaiz egin zen. 1966-70 bitartean, Teologian eta Liturgian lizentziatu zen Erromako San Anselmo Institutuan. Donostiako elizbarrutian Liturgia Idazkaritzako arduradun eta Liturgiako liburuen euskarazko itzulpenaren eta argitalpenaren elizbarruti arteko talde-arduraduna izan zen 1970etik. EiTBko Meza Santua emankizunaren elizbarruti arteko arduraduna ere izan zen.1979an, euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak.

Pedro Sancristóval euskaltzain urgazle gipuzkoarraren biografia Laura Garridok irakurri du. Araban, euskal kulturaren sustatzaile porrokatua izan zen  Sancristóval. Arabako Foru Aldundiko Kultura diputatua izan zen 1999tik 2003ra arte, eta orduko hartan, euskaraz egin zuen karguaren zina. Artium museoaren eta Gasteizko Jazz jaialdiaren sustatzailea ere izan da, eta ospe handia izan du artearen munduan, ez bakarrik Euskal Herrian. Euskaltzain urgazle izendatu zuen Akademiak 1979ko abenduaren 20an, eta Euskaltzaindiaren Ekonomia batzordean jardun zuen 1987tik 1989ra arte.

Txomin Peillen euskaltzain emerituaren ibilbidea Battitu Coyos euskaltzain osoak aletu du. Peillen Parisen jaio zen, 1932ko azaroaren 17an. Biologian, Filologia Hispanikoan eta Hezkuntza Zientzietan lizentziaduna. Euskal Ikasketetan doktorea. Idazlea. Erretiroa hartuta zegoen Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko irakasle izatetik. Euskaltzain urgazle izendatu zuen Akademiak 1961eko azaroaren 17an, eta oso 1988ko apirilaren 29an. Euskaltzain emeritua zen 2007ko azaroaren 30etik. Bihotzez zuberotarra zen Peillen. Bere azken lana Sarako Idazleen Biltzarrean aurkeztu zuen (Ene bertsoen bilduma), apirilean, eta jendaurreko azken agerpena Euskaltzaindiak Baionan antolatutako gaualdian izan zen, azaroaren 15ean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun