540 eta 640 kiloko txapelak jantzi ondotik munduko sokatira txapelketan Euskal Herria ordezkatzeko eskubidea irabazi du Beti Gaztek

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 30a, 11:00
Beti Gazte sokatira taldeko gizonezkoek eta emakumeek jantzi dituzte txapelak asteburu honetan eta Munduko txapelketan parte hartuko dutela iragarri dute.

Arabako Pobes herrian jokatu zuten larunbatean gizonezkoen finala eta emakumeen hirugarren jardunaldi erabakigarria eta bietan lesakarrak gailendu ziren

Euskal Herriko zortzinakako sokatira txapelketak bere bidea egiten segitzen du eta urtarrilaren 28an, larunbat arratsaldean Pobesen (Araba) bi kategoriatako txapelak erabaki ziren: gizonezkoen 640 kilokoa eta emakumeen 540 kilokoa. Bietan Lesakako Beti Gazte suertatu zen txapeldun eta honenbertzez, Ipar Irlandan jokatuko den Munduko txapelketan Euskal Herria ordezkatzeko aukera izanen dute lesakarrek.

Gizonezkoen txapelketan zortzi talde aritu dira Busturian eta Burgelun jokatutako lehen bi jardunaldietan eta hor lortutako puntuazioaren arabera, seik lortua zuten finalerako txartela: bi saioetan garaile izan zen Lesakako Beti Gazte, Gaztedi, Ñapurrak, Zuraide A, Amaiur eta Zuraide B. Beti Gaztek tiraldi guztiak irabazi zituen. Gaztedi txapeldunorde izan zen eta Ñapurrak hirugarren. Ondotik sailkatu ziren Zuraide A, Amaiur eta Zuraide B. Beti Gazteko zortzikotean Karmelo Mitxelena, Ander Mitxelena, Joxe Angel Mitxelena, Oskar Telletxea, Beñardo Iantzi, Beñat Ordoki, Unai Gurrutxaga eta Gerardo Telletxea aritu ziren, Paxkual Taberna entrenatzaile eta Julen Palenzuela laguntzaile zutela.

Emakumezkoen txapelketan, berriz, sei talde bertzerik ez direnez, ligaxka moduan jokatzen ari dira. Lesakan jokatutako lehen jardunaldian Ibarra suertatu zen garaile Beti Gazteren aitzinetik eta Burgeluko bigarren jardunaldian postuak elkartrukatu zituten: lesakarrak izan ziren garaile eta gipuzkoarrak bigarren. Gauzak honela, larunbateko hirugarren jardunaldira hamaikana punturekin berdinduak ailegatu ziren Beti Gazte eta Ibarra, baina ongi nagusitu ziren lesakarrak txapela janzteko. Ibarrak eta Gaztedik osatu zuten podiuma, Badaiotz laugarren izan zen, Amaiur bosgarren eta Abadiño seigarren. Beti Gazteko zortzikote txapeldunean Aitziber Goienetxe, Udane Arbelaitz, Ane Gurrutxaga, Irantzu Goienetxe, Ainhoa Etxegarai, Karmele Pikabea, Ainhoa Ubiria eta Maria Iantzi aritu ziren, Maddalen Lopez entrenatzaile zutela.

Euskal Herriko hurrengo txapelketak

Orain arteko hiru txapelak (gizonezkoen 680 eta 640 kilokoak eta emakumeen 540 kilokoa) Beti Gaztek jantzi ondotik, bertze kategoriatako txapelak otsailaren 4tik aitzinera jokatuko dira.

Otsailean sartuta, otsailaren 4an, Erandion (Bizkaia), 600 kiloko gizonezkoen lehen jardunaldia jokatuko dute. Kategoria honetan hamar talde lehiatuko dira: Amaiur eta Beti Gazterekin batera, Abadiño, Antsoain, Berriozar, Gaztedi, Goiherri, Ibarra, Ñapurrak eta Txantrea.

Otsailaren 11n, Abadiñon (Bizkaia), emakumezkoen 500 kiloko lehen jardunaldia jokatuko dute. Bederatzi talde ariko dira kategoria honetan: Amaiur, Beti Gazte, Abadiño A eta B, Badaiotz, Berriozar, Gaztedi, Ibarra eta Txantrea.

Otsailaren 12an, Abadiñon jokatuko dute 600 kiloko gizonezkoen bigarren jardunaldia.

Otsailaren 18an, Berangon (Bizkaia), 500 kiloko emakumezkoen bigarren jardunaldia eta 600 kiloko gizonezkoen finala jokatuko dituzte.

Otsailaren 25ean, Laukizen (Bizkaia), emakumezkoen 500 kiloko finala eta gizonezkoen 560 kiloko txapelketa, saio bakarrean, jokatuko dituzte. Gizonezkoen pisurik arinenean Beti Gazte izanen da eskualdeko ordezkari bakarra eta Abadiño, Berriozar, Gaztedi, Goiherri, Ibarra, Ñapurrak eta Txantrearekin lehiatuko da.

Martxoko lehen asteburuan, larunbatean, martxoak 4, junior eta 23 urtez beheitiko txapelketa jokatuko dute Abadiñon (Bizkaia) eta igandean, martxoak 5, txapelketa mistoko (580 kilo) finala Ibarran (Gipuzkoa). Hau izanen da talde gehien bilduko dituen txapelketa, hamabi guztira. Amaiur eta Beti Gazterekin batera, bina talde paratuko dituzte goma gainean Abadiñok, Gaztedik eta Ibarrak eta bana Antsoain, Badaiotz, Berriozar eta Goierrik.

 

Munduko txapelketa martxoaren 7tik 11ra Ipar Irlandan

Euskal Herriko txapelketa bukatu ondotik, Munduko goma gaineko sokatira txapelketa Ipar Irlandako Parkgate herriko Jim Baker Stadium kiroldegian jokatuko da. Orain arte zalantzak izan badituzte ere, Beti Gazteko sokatira taldeak bertan lehiatzeko erabakia hartu du, bai klub arteko txapelketa, baita nazioartekoan ere. Klub artekoan, gizonezkoen 560 eta 600 kiloko kategorian, emakumeen 500 eta 540 kiloko kategorian eta txapelketa mistoan (580 kilo) aritzekoa da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun