Euskal Herriko sokatira txapelketan emakumeen 540 kiloko eta gizonezkoen 640 kiloko txapelak banatuko dituzte larunbatean

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 27a, 10:00
Beti Gazteko gizonezkoek tiraldi guztiak irabazi dituzte orain arte baina larunbatean hutsetik hasi beharko dute.

Euskal Herriko zortzinakako sokatira txapelketak bere bidea egiten segitzen du eta urtarrilaren 28an, larunbatean 17:00etan Pobesen (Araba) bi kategoriatako txapelak erabakiko dira: gizonezkoen 640 kilokoa eta emakumeen 540 kilokoa.

Gizonezkoen txapelketan zortzi talde aritu dira Busturian eta Burgelun jokatutako lehen bi jardunaldietan eta hor lortutako puntuazioaren arabera, seik lortu dute finalerako txartela: bi saioetan garaile izan zen Lesakako Beti Gazte, Gaztedi, Ñapurrak, Zuraide A, Amaiur eta Zuraide B. Talde guztiak hutsetik hasiko dira, aitzineko jardunaldietako puntuak kontuan hartu gabe. Beraz, Beti Gazte izanen da faborito baina Gaztedik aunitz estutu ditu lesakarrak.

Emakumezkoen txapelketan, aldiz, sei talde bertzerik ez direnez, ligaxka moduan jokatzen ari dira. Lesakan jokatutako lehen jardunaldian Ibarra suertatu zen garaile Beti Gazteren aitzinetik eta Burgeluko bigarren jardunaldian postuak elkartrukatu zituten: lesakarrak izan ziren garaile eta gipuzkoarrak bigarren. Gauzak honela, larunbateko hirugarren jardunaldira hamaikana punturekin ailegatuko dira Beti Gazte eta Ibarra eta zuzen bidean bien artean jokatuko dute txapela. Gaztedik zortzi puntu ditu, Amaiurrek eta Badaiotzek bosna eta Abadiñok bi puntu.

 

Hurrengo txapelketak

Gizonezkoen 680 kilokoa (Beti Gaztek irabazi zuen) eta larunbatean gizonezkoen 640 kiloko eta emakumeen 540 kilokoak erabaki ondotik, bertze kategoriatako txapelak otsailaren 4tik aitzinera jokatuko dira.

Otsailean sartuta, otsailaren 4an, Erandion (Bizkaia), 600 kiloko gizonezkoen lehen jardunaldia jokatuko dute. Kategoria honetan hamar talde lehiatuko dira: Amaiur eta Beti Gazterekin batera, Abadiño, Antsoain, Berriozar, Gaztedi, Goiherri, Ibarra, Ñapurrak eta Txantrea.

Otsailaren 11n, Abadiñon (Bizkaia), emakumezkoen 500 kiloko lehen jardunaldia jokatuko dute. Bederatzi talde ariko dira kategoria honetan: Amaiur, Beti Gazte, Abadiño A eta B, Badaiotz, Berriozar, Gaztedi, Ibarra eta Txantrea.

Otsailaren 12an, Abadiñon jokatuko dute 600 kiloko gizonezkoen bigarren jardunaldia.

Otsailaren 18an, Berangon (Bizkaia), 500 kiloko emakumezkoen bigarren jardunaldia eta 600 kiloko gizonezkoen finala jokatuko dituzte.

Otsailaren 25ean, Laukizen (Bizkaia), emakumezkoen 500 kiloko finala eta gizonezkoen 560 kiloko txapelketa, saio bakarrean, jokatuko dituzte. Gizonezkoen pisurik arinenean Beti Gazte izanen da eskualdeko ordezkari bakarra eta Abadiño, Berriozar, Gaztedi, Goiherri, Ibarra, Ñapurrak eta Txantrearekin lehiatuko da.

Martxoko lehen asteburuan, larunbatean, martxoak 4, junior eta 23 urtez beheitiko txapelketa jokatuko dute Abadiñon (Bizkaia) eta igandean, martxoak 5, txapelketa mistoko (580 kilo) finala Ibarran (Gipuzkoa). Hau izanen da talde gehien bilduko dituen txapelketa, hamabi guztira. Amaiur eta Beti Gazterekin batera, bina talde paratuko dituzte goma gainean Abadiñok, Gaztedik eta Ibarrak eta bana Antsoain, Badaiotz, Berriozar eta Goierrik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun