Bertsuxurla sariketako finala eginen dute ortziralean

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 24a, 08:00
Bertsuxurla sariketako lehen kanporaketan parte hartu zuten bertsolariak. Ezkerretik hasita bigarrena eta hirugarrena dira Mateorena eta Aizpurua.

Ortziralean eginen dute Urruñako Xaia ostatuan Bertsuxurla gazteen bertso sariketaren finala. Hiru kanporaketa jokatu dituzte hiru ortziraletan, eta saio bakoitzeko bikote irabazleak lortu du finalerako txartela, tartean  Sarako Haira Aizpuruak eta Leitzako Eki Mateorenak osaturiko bikoteak. 

Ortziralean erabaki zen zein izanen zen Bertsuxurla sariketako finalean kantatuko zuen hirugarren bikotea. Lehen kanporaketan lortu zuten finalerako txartela Sarako Haira Aizpuruak eta Leitzako Eki Mateorenak, eta bigarren kanporaketan Izaro Bilbaok eta Ibai Lekuonak. Ortziralean egin zuten hirugarren eta azken kanporaketa Senpereko Larraldean, eta bertan nagusitu ziren Oier Urreizti eta June Aiestaran, eta horiek osatuko dute finala. 

Finala Urruñako Xaia ostatuan izanen da, afalondoan. Afariak 20 euroko kostua du, eta aitzinetik erreserba egin beharko da, +33 769 26 56 56 zenbakira deituta. 

Finalean, aitzineko saioetan bezala Xalbat Altzugarai eta Leire Casamajou ariko dira gai emaile lanetan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun