Innobasqueren proiektu berritzaile onenaren saria jaso du Mari Jose Barriola leitzarrak koordinatutako ‘Gastronomia Zirkular Solidarioa’ proiektuak

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 21a, 12:00
Tknika ikerketa zentroko Mari Jose Barriolak koordinatu du saria jaso duen proiektu berritzailea.

2022ko urtean Euskal Autonomia Elkartean Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak egindako sariketan emandako zortzi sarietako bat, Tknika Ikerketa Zentroak eskuratu zuen. Leitzan sortu eta Lesakan bizi den Mari Jose Barriola Baraibar, zentro horretako biozientzia eta Jasangarritasuneko zuzendariak koordinatutako Gastronomia zirkular solidarioa: Euskadiko Lanbide Heziketan Ekonomia Zirkularrean aplikatutako berrikuntza proiektua izan zen proiektu berritzaile onena, epaimahaiaren ustez.

Barriolak aipatu digunez, pandemia garaian gastronomia zirkular solidarioa proiektua jarri zuten martxan: «Lanbide Heziketako jangela askotan menu solidarioak egiten hasi ziren. Elikagai Bankuetara hurbildu ziren eta bihotzetik ateratako proiektuak eskaini zituzten».

Azken finean, ekonomia zirkularra hori dela gogorarazi du Barriolak: «garai batean, beharrak eraginda, gure aitona-amonek, gure gurasoek berrerabiltzen zuten hainbat elikagai, hainbat ongarri… Elikagai Bankuetan gero eta jende gehiago ibiltzen den bitartean, gastronomia eskoletan, gure etxeetan bezala, janari asko eta asko botatzen da zakarretara, zoritxarrez. Gure ostalaritza eskoletan zakarrera botatzen diren hainbat gaiekin papera sortu dugu eta hainbat produktuak merkaturatu ditugu.  Hau izan da gure ikastetxeetan ekonomia zirkularra lantzeko gure berrikuntza proiektua, ikasleei eta irakasleei ekonomia linealetik zirkularrera nola pasatu erakusteko eta produktu berriak sortzeko aukera emanez».

Zer da Gastronomia Zirkular Solidarioa proiektua?

Biozientzia eta jasangarritasun arloko zeharkako lan-ildo bat ekonomia zirkularra da eta duela bi urte, pandemia aurretik hasi ziren ekonomia zirkularra gelatan lantzen, «metodologia aktiboaren bitartez eta proiektuak eginez. Hori txertatu nahi genuen hainbat ikasgaietan eta hainbat ikastetxetan», Barriolaren esanetan.

Orduan, lehenbiziko sektoreari lotutako ekintza bat prestatu zuten eta hor «nekazaritza ikastetxeak, industria-elikagaiak, ostalaritza eta turismoa erdi- eta goi-mailako zikloetan txertatzeko 15-17 ikastetxerekin hasi ginen martxan –dio–. Nekazaritza ikastetxeetan produktuak ekoizten dituzte, industria-elikagaietan prozesatu egiten dituzte eta ostalaritza eskoletan menuak lehengai horiekin 0 kilometroan oinarritutako menu bereziak egiten dituzte».

Horrela hasi ziren martxan eta konturatu ziren, «zoritxarrez, ostalaritza eskoletan zenbat eta zenbat produktu botatzen den zakarretara eta hor erronka izan zen produktu horiekin berriro ere beste produktu berriak sortzea eta ikasleek ekonomia zirkularrean murgiltzea, proiektuak eginez».

Menuak elikagai-bankuetara

Hori izan zen abiapuntua. Baina gero pandemia iritsi zen eta eragina izan zuen. Mari Jose Barriolaren arabera, «presentzialtasuna bertan behera utzi behar izan genuen, baina gizarteari bideratutako zerbait egin nahi izan genuen. Horretarako, Eusko label produktuak eskatu genizkion nekazaritza sailari, ekarri zizkiguten eta hainbat ikastetxeetan, ikasle eta irakasleek parte hartu zuten, modu boluntarioan elikagai bankuetara eta Caritasera produktu hauek bideratzen, beharrean zeuden hainbat pertsona hurbiltzen zirelako. Sukaldetan ikasle, irakasle eta kanpotik zetozen hainbat pertsonek parte hartu zuten eta astero-astero mila menu eman ziren. Eguberrietan ere goxoak banatu zituzten Gabon gauean eta Eguberri egunean».

Esperientzia honek, ekonomia zirkularra lantzeaz aparte, «bizi garen burbuila honetatik aterarazteko» balio izan diela ikasle eta irakasleei uste du Barriolak: «Askotan ikusten dugu Donostiako irudia Kontxako badia dela, baina ikasleek orain ikusi dute beraiek bezalako gazteak badirela aterpetxeetan gaua pasatzen dutenak eta elikagai bankuetara jo behar dutenak jan nahi badute».

Oso proiektu polita izan dela azpimarratu du, «ikasleak gustura ibili dira lanean, eskertza asko jaso dituzte. Etorkizunera begira lan-ildo hau lantzeko asmoa daukagu. Aurtengo eguberrietan, minbizia pasatzen ari diren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako haur eta gaztetxoei goxoak prestatu eta eraman dizkiegu, herrialde bakoitzeko elkarteen bidez. Horrelako produktu solidarioak eginez jarraitu nahi dugu, berrikuntza eta jasangarritasuna txertatuz».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun