Nekazaritzako merkatu gardenak hasiko dira ortzirale honetan Iruñeko Geltokin

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 19a, 16:00

Bizilurrek sustatutako azoka gardenaren aurkezpena, Iruñeko Geltokin.

EHNEk abian jarritako Bizilur proiektuak sustatuta hilabetero hirugarren ortziralean eginen dute

Urtarrilaren 20tik, ortzirale honetatik aitzinera, hilabetero hirugarren ortziralean, 17:30etik 20:30era, Bizilurrek antolatutako tokiko ekoizleen azoka eginen dute Geltokin, Iruñeko autobus-geltoki zaharreko takillen gunean. Zuzeneko salmentaren bidez, bitartekaririk gabe, kalitatezko produktuak eta ekoizpen ekologikokoak eskaintzea da merkatuaren helburua eta ortziraleko lehen edizioan hamazazpi ekoizle elkartuko dira.

Bertzeak bertze gazta, eztia, hestebeteak, loreak, kosmetika naturala, marmeladak, barazkiak, olioak, ardoa eta sagardoa eskainiko dituzte.

Bizilur, EHNE nekazarien sindikatuak abian jarritako proiektua da eta hiriburuaren erdialdean maizago egon behar dela ohartu da, ohiko bezeroek zein bezero berriek aukera izan dezaten tokiko ekoizleei erosketak egiteko, elikadura-subiranotasunean, salmenta-zirkuitu laburretan eta 0 kilometroaren produkzioan inplikatuta badaude, hilabetean behien gutienez. Gaur egun, ekoizle ttiki aunitzek hiruan saltokiak badituzten arren, orain arte hiru hilean behin egiten zen nekazaritza-merkatu gardena eta horrek aunitz zailtzen zuen kontsumitzaileekin harremana. Geltokin Bizilurren nekazaritzako merkatu gardenak hilero martxan jartzearen helburua oztopo hori gainditzea da, merkatuak maizago eginen direlako. Bizilurren ustez, zuzeneko salmenta eta merkataritza-harremana funtsezkoak dira ekoizpen-ereduan eta merkaturatzean.

Ekimen honi buruzko informazio guztia, azokak noiz eginen diren eta edizio bakoitzean parte hartuko duen tokiko ekoizleen zerrena Geltokiren webgunean kontsulta daiteke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun