‘Baserri giroa lehen eta orain’ kantaldi-bertso saioa eginen dute urtarrilaren 29an Baigorrin

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 26a, 16:00
Joxe Angel Elizalde soinularia eta kantari ariko diren Beñat Intxauspe, Jean Luis Laka era Jean Mixen Intxauspe.

Baigorriko ikastolak antolatutako emanaldia elizan izanen da, hilabeteko azken igandean 15:30ean

Baserri giroa lehen eta orain goiburupean kantaldi-bertso saioa antolatu du Baigorriko ikastolak urtarrilaren 29an, igandean 15:30ean Baigorriko elizan. Kantu eta bertso giroa Jean Louis Lakak, Jean Michel eta Beñat Intxauspek, Maitena Monacok, Mikel Altzuart-ek, Ricardo eta Garazi Gonzalez de Duranak eta Joxe Angel Elizaldek jarriko dute. Sartzea 8 euro kostako da eta lekua berean bakarrik eskura daitezke sarrerak.

Lagunak taldearen kantu eta bertsoaldiaren izpiritua

Kultura bat baino gehiago ditugu Euskal Herrian. Horietako bat da baserri ingurukoa, aspaldikoa, bere ohidurekin, bizi garen mende honetaraino heldu dena. Gure hizkuntza bera anitz aberastu dute baserrietako lan eta bizimoduak. Baserri giroari lotuak diren zenbat ipuin, istorio, kantu eta bertsu ez daude liburu eta diskoetan! Urteak jin, urteak joan, baserrietako bizi baldintzak eta egoera berritu eta aldatu dira. Hori islatzeko, gaurko kulturgileek idazlan eta obra franko sortu dituzte, garai berriari egokituak. Honela, euskal literaturari eta kantagintzari ekarpen garrantzitsua eginez.

Baserri giroa ezagutzen duen Mikel Altzuart Baztango laborari bertsolariari, Gonzalez de Durana Arabako aita-alabei, eta Jean-Louis Laka baigorriarrari iduritu zaie balio lukeela mende batez baserri inguruan gertatu aldaketen laburpen bat agertzea, historiara iragan diren kantu eta bertsuen bitartez. Hastapeneko lagun taldeari juntatu dira Bankako Jean-Mixel eta Beñat Intxauspe kantariak, Baigorriko Maitena Monaco eta Jose Anjel Elizalde Baztango esku soinulari ezaguna.  

Garazi eta Ricardo Gonzalez de Durana, Laka eta Mikel Altzuart.

 

Kantu-bertsoaldiak helburu franko dauzka. Lehenik, nagusiki etxaldeez osatutako jendartearen historiaz jabetzea. Bigarrenik, iragan denborari buruzko dolurik gabe, kantu eta bertso andana baten bidez, jende gazteak bereziki ohar daitezen mende batez baserri inguruan gertatu aitzinamendu eta atzerapenez. XXI. mende honetan eta azkenaren hondarrean, baserritar seme alaba franko azkarki borrokatu dira Euskal Herriko laborari etxeek segida bat ukan dezaten. Militante haietako anitz bertsozaleak ere badira. Zorigaitzez, zonbait zendu zauzkigu, zahartzarora heldu gabe. Hala nola, Christian Harlouchet, Dominique Aguergaray, Mixel Bergouignan eta Mixel Berhocoirigoin. Haienganako oroitzapena ere berrituko da bertsoka. Ahantzi gabe Luzien Etxezaharretarekin «Gure bazterrak » irrati emankizun interesgarria segurtatzen zuen Jakes Casaubon.

Antolatzaileen erranetan, «kantaldi-bertso saioaren xedea litzateke guti entzuten diren kantu miresgarri zonbaiten ikasteko eta abesteko gutizia sortzea, gure lurraldeko kantu egileek erabili euskara ederraz gozatuz. Zinez merezi dutelakoz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun