GUTUNA: Medikuen esklusibotasuna ezabatzea, diru kontua baino zerbait gehiago ere bada

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 18a, 17:30

SMN sindikatuak defendatzen duen medikuen esklusibotasuna kentzearen kontra agertu da LAB sindikatua: «gogoan izan behar dugu PSN prest dagoela hori gauzatzeko, baldin eta grebarako deialdia bertan behera uzten badute» ohartarazi du LAB Osasunbideak prentsa ohar batean. LABen ustez, profesional kopuru txiki bati mesede egiteko neurria da, eta zerbitzu publikoak pribatizatzeari atea irekitzen dio.

Pertsonal fakultatiboaren esklusibotasuna ezabatzeari buruzko eztabaidak, egoitza parlamentariora iritsi denak, agerian jarri ditu Espainiako Estatuan orokortu den neurri baten atzean ezkutatzen diren interesak. Hiru erkidegok segitzen dute esklusibotasuna mantentzen: Nafarroak, Galiziak eta Asturiasek; eta eztabaida beste erkidego batzuetara zabaltzen ari da, EAEra adibidez.

Neurri horrek 50 profesional ingururi eragingo lioke une honetan; hala ere, sektore eta kolektibo batzuek interes handiak dituzte, eta horiek gainerako langile fakultatiboen lan- eta antolamendu-hobekuntzen gainetik jartzen ari dira aldarrikapen hori.

Erreibindikazio horiek esklusibotasuna ezabatzea aurreikusten dute, profesional batzuek beren jarduera osasun publikoan eta pribatuan uztartu ahal izateko, esklusibotasuna izateagatik kobratzen duten soldata-osagarria jasotzeari utzi gabe. LAB sindikatuaren ustez, neurri horrek ondorio kaltegarriak izan ditzake osasun zerbitzu publikoetan, beste erkidego batzuetan frogatu den bezala. Ezin da osasun publikoa defendatzeko diskurtsorik erabili eta, aldi berean, neurri pribatizatzaileak erraztu.

Horren adibide garbia da eremu publikoan lan egin dezaketen eta egiten duten espezialitateak, eta aldi berean kontsulta pribatuetan ere jarduten dutenak. Tamalez, oro har, horiexek dira itxaron-zerrenda handiena duten espezialitateak. Osasunbidean badaude bi jarduerak bateragarri egiten dituzten zuzendari medikoen eta zerbitzuburuen kasuak.

Osasun publiko eraginkorra bermatzeko, langile guztien lan- eta ordainsari-baldintzak hobetu behar dira

Gure sindikatuak gogorarazi nahi die eragile politikoei Nafarroako osasun publikoaren egoera delikatua dela, funtsen hornidura eta kudeaketa lehiakorra eta eraginkorra behar baititu. Ez da neurri korporatibista eta pribatizatzaileetan erori behar, profesional gutxi batzuei bakarrik egiten baitiete mesede. Neurri horiek ez dira bidezkoak, onartezinak dira, negoziazio-mahaietatik kanpo tratatzen ari dira, eta langileen artean ezinegona sortzen dute.

Sinadura: LAB Osasunbidea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun