‘Bidaia’ ikuskizuneko hiru kontzertutan parte hartuko dute eskualdeko abeslariek ere

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 18a, 18:00
René Zugarramurdiren zuzendaritzapean 200 abeslarik 'Bidaia' kontzertua emanen dute Hendaian, Hondarribian eta Baionan.

Emanaldiak Hendaian urtarrilaren 22an, Hondarribian urtarrilaren 28an eta Baionan otsailaren 4an izanen dira

René Zugarramurdi hendaiarrak bultzatutako emanaldi artistikoa eta pedagogikoa da Bidaia, bortz zatitan banatzen dena. Proiektuaren bultzatzaileak 200 lagun bildu ditu, Hegoaldeko eta Iparraldeko abeslarien artean. Baionako Argileak behe-ahotsen abesbatzarekin, Kanboko Arraga ahots mistoen abesbatzarekin eta Hondarribiko Eskifaia abesbatzarekin batera, Giltzarri abesbatzaren izenean 67 abeslari izanen dira, tartean Bera eta Elizondoko abesbatzetakoak, baita modu partikularrean kantatuko duten Irungo Higa Abesbatza, Azkaine, Hendaia, Donibane Lohizune eta Urruñako Kantauri abesbatzako abeslariak ere.

Lehen emanaldia urtarrilaren 22an Hendaian

Korua eta orkestra elkartuz, Euskal Herriko historia kultura modu originalean eta dinamikoan irakasteko ikuskizuna sortu du Zugarramurdik eta hiru emanaldi eskainiko ditu. Lehena urtarrilaren 22an, igandean 18:00etan eskainiko dute Hendaiako Daniel Ugarte pilotalekuan. Sarrerak urririk dira, baina lehenbailehen eskatu behar dira 05 59 48 23 58 telefonora deituz. Bigarren emanaldia urtarrilaren 28an, larunbatean 19:00etan izanen da Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan. Sarrerak Arma Plaza Fundazioan edo tickets.kutxabank.es webgunean eskura daitezke. Hirugarren emanaldia Baionako Lauga Gelan eginen dute otsailaren 4an, larunbatean 20:30ean. Erreserbak visitbayonne.com webgunearen bitartez egin behar dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun