2023ko uztailaren 1etik 31ra 120 gazte euskaldunek Euskal Herria zeharkatuko dute oinez eta euskaraz, EuskarAbentura Espedizioarekin. Espedizioaren 4. ediziorako izen-emate epea 2022ko abenduaren 1ean zabaldu zen eta Euskal Herriko zein diasporako 16-17 urteko gazte euskaldun guztiek 2023ko martxoaren 3ra arteko epea (eguna barne) dute hautagaitza aurkezteko. Horretarako, minutu bateko aurkezpen bideo labur bat eta banakako proiektu bat aurkeztu beharko dituzte, azken hau hemen segidan ageri gai eta formatu bat aukeratuz.
Aurten hautagaitza bidali nahi duten gazteek banakako proiektua sortzeko hiru gai dituzte aukeran:
- Turistak vs Bidaiariak: Nola eta zertarako bidaiatzen dugu? Bidaiatzen duen pertsona guztiekin jarrera berdina al dugu? Zein ondorio dakartza turismo masiboak?
- Natura gizartean/Gizartea naturan: Nola txertatzen da natura gizartearen espazioetan? Ezagutzen ditugu inguruan bizi diren landare, animalia eta izaki bizidunak? Gelditzen ote da munduan gizakion eraginik jasan ez duen espaziorik?
- Happykrazia: Norbanakoa ote da bere zoriontasunaren erantzule bakarra? Zer desiratzen dugu eta zergatik? Desiratzen dugun oro eskuragarria da?
Era berean, gai hauek garatzeko gazteek sei lan formatu dituzte aukeran: literarioa, musikala, historikoa, ikus-entzunezkoa, plastikoa eta sormen digitalekoa. Hautagaitzak aurkezteko webgunetik egin beharko da (www.euskarabentura.eus).
Jasotako proiektuak, Eusko Ikaskuntza eta PuntuEus Fundazioak ebaluatuko dituzte eta apirilaren 14an 120 gazte parte-hartzaileen behin-behineko zerrenda argitaratuko dute. Espedizio taldeko kideak hautatzeko nagusiki proiektuaren balorazioa hartuko dute kontuan, baina baita gazteen jatorria, generoa eta agertzen duten motibazioa ere.