Tenperatura igoeraren eta lehortearen ondorioz Bidasoko izokinaren egoera hagitz larria da. Horrela jakinarazi zuen Itziar Gomez, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumeneko kontseilariak ilbeltzaren 11n egindako parlamentuko batzordean, Nafarroako Ingurumen Kudeaketari buruzko txostena aurkezterakoan.
2018tik egoerak okerrera egin du
Izokinen populazioak 26 urte daramatza bere kontserbaziorako muga kritikotik beheiti (2011, 2012 eta 2014n bakarrik egon zen mugatik goiti) eta Nafarroako Gobernuak urtero egiten dituen birpopulatzerik gabe Bidasoko uretatik desagertua egonen litzateke. Baina 2018tik egoerak okerrera egin du. 2022an, erraterako, 90 izokinek bertzerik ez zuten egin Bidasoa ibaian goiti, azken 37 urtetako kopururik kaxkarrena. Gainera, horietatik 16 bakarrik ziren izokin emeak, potentzialki 110.000 arroltze errun ditzaketenak.
Arrantzak ere ez dio mesederik egiten egoerari. 2021ean hogei izokin eme arrantzatu ziren eta 2022an hamabortz, denera 320.000 arroltze errun zezaketenak. Oronoz-Mugairiko arrain-haztegiko produkzioa, aldiz, 127.000 arroltzekoa izan da bi urte horietan. Itziar Gomez kontseilariak aipatu zuenez, «arrantza ez da arazoaren iturburua, baina egoera larria ikusita, kontuan hartu beharra dago, egoera oraindik gehiago ez okertzeko».