Mende laurden euskara pantailara eramaten

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 14a, 09:00

Xaloa Telebistak langileetako batzuk, Iruñeko estudioan

25 urte bete zituen iazko urrian Xaloa Telebistak. Mende laurden bete badu ere, hasierako helburu bera mantentzen du: bertako informazioa euskaraz zabaltzea. Hasieran Baztango, Malerrekako eta Bertizaranako albisteak jorratzen zituen, baina, azken urteetan Iruñerrira zabaldua da 

Europako dirulaguntza baten bidez. Arraroa badirudi ere horrelaxe sortu zen duela 25 urte Xaloa Telebista. Izan ere, mende laurden bete zuen iazko udazkenean Xaloak, urtebetetze borobila. Modu xumean ospatu dute urteurrena, hitzaldi sorta batean bilduz Xaloak egunerokoan dituen langai eta kezkak. Hasiz geroztik bide luzea egin du tokiko telebistak, luzea bezain «xumea» Joseba Igarabide telebistaren sortzaile eta zuzendariaren hitzetan. 

«Europatik telebista bat sortzeko dirulaguntza deialdia egin zuten, eta urte bateko epea zehazten zuen dena egiteko. Guk aurrekontua aurkeztu genuen, eta hori gauzatzeko %33ko dirulaguntza eman ziguten», azaldu du Igarabidek. Xaloa Telebista, ordea, ez zen hutsetik sortu dirulaguntzaren deialdiaren berri  jakin aitzinetik burutan zuen ideia baitzen eskualde mailako telebista bat sortzearena: «Ni orduan Xorroxinen ari nintzen lanean, eta banuen burutan telebista egitearena, hausnarketa hori egina nuen nire baitan». Dirulaguntza, beraz, une horretan behar zuen «aitzakia» izan zen proiektua martxan paratzeko. 

2014tik aitzinera Iruñerrian ere ikusi daiteke Xaloa Telebista 

«Garai hartan beharrezkoa zen euskararen alde egitea», oroitu du. Baztango, Malerrekako eta Bertizaranako egunerokoa jasoko zuen tokiko telebistan baten aldeko apustua egin zuten, eta oraindik ere horretan segitzen dute lanean, azken urteetan emisioa eta hedapena Bidasotik harago, Iruñerrira ere zabalduta.

Hutsetik hasi beharra

Ekoizpenaz arduratuko zen langile bat kontratatu, eta horrelaxe hasi zen Xaloa Telebistaren ibilera. Kataluniako tokiko telebistak hartu zituzten bereziki erreferentetzat, eta helburu zehatza eta argia ezarri zuten hasieratik: «bertatik bertara» lan egitea. Telebistan inoiz lan egin gabeak izaki, gainera, dena berria zen, eta dena hasi behar izan zuten hutsetik eraikitzen. «Zein formaturekin lan egin ere erabaki behar izan genuen, eta zalantza aunitz izan genituen. Azkenean, garai hartan Sony etxea lanean ari zen DV formatu berriarekin lan egiteko apustua egin genuen, eta azkenean ongi atera da, baina, zalantza handiak izan genituen». Gainera, telebistan, irratiarekin alderatuta, bapatekotasuna lantzea zaila dela azaldu du Igarabidek, eta berezitasun horri ere neurria ere hartu behar izan ziotela.

Iñaki Alustiza 'Ur eta lur' saioko gidaria programa batean.

1997ko urrian egin zituzten lehen emisioak, astean behin hasieran. Ondotik, abenduan, emisioak astean bi aldiz egiten hasi ziren eta Eguberrien ondotik, 1998ko urtarrilean etengabeko jardunarekin hasi ziren. Hasieran, Baztango Udalak Elizondon utzitako eraikin batean hasi ziren, eta azken urteetan Oronozeko bulegoaz gain, Iruñean ere badute estudioa.

Garapen xumea

Geroztik, 25 urte daramatza telebistak lanean, baina, mende laurdenenean «garapen xumea» izan duela onartu du Igarabidek. «Beti diruak baldintzatuta ibili gara, eta dirulaguntza eskasak jaso izan ditugu». Horren gainetik, ordea, urte hauetan guztietan helburua «herritarrei zerbitzu bat eskaintzea» izan dela azaldu du. 

1997ko urrian egin zituzten telebistaren lehen emisioak 

Sorreran ziren hiru langileetatik, gaur egun modu finkoan 7-8 lagun ibiltzen dira egunerokoan lanean Xaloan, eta proiektu eta sortutako lanen arabera kopuru hori aldatu egiten da. Igarabideren hitzetan, gehienez 35 lagun ibili dira aldi berean lanean. Horretan eragin nabarmena du 2013an ordura arte Bidasoa errekaren ardatza utzi, eta Iruñera zabaltzeko erabakiak. Izan ere, 2014tik aitzinera Iruñerrian ere ikusi daiteke Xaloa Telebista, eta eskualdeko berriz gain, zentralitatea hartuz joan da Iruñerria, eta duela urte batzuk baino gehiago lantzen dituzte Nafarroa osoko gaiak gaur egun.

2013an Nafarroako Gobernuak LTD kanalen esleipena egin zuen, eta telebista Iruñerrira zabaltzean bertze aukerarik ez zegoela azaldu du Igarabidek: «Lizentzia lortzeko zegoen aukera bakarra zen, eta horrek behartu gintuen Iruñerrian zerbitzua ere ematera». 2014an ekin zioten horri, eta onartu du horren ondorioz eskualdean ez dutela «nahi adina» egiten jasotzen dituzten dirulaguntzarik gehienak Iruñerriko lizentziarako laguntzak direlako. 

Gaur egun, beraiek ekoizten dituzten saioez gain, tokiko bertze hainbat telebistarekin duten hitzarmenari esker, bertze eskualdeetako saioak ere eskaintzen dituzte. Beren magazin eta saioez gain, Iruñerritik, Baztandik, Bertizaranatik eta Malerrekatik kanpoko saioak ikusteko aukera dute ikusleek. Gainera, beren eduki dena sareratzen dute, eta horiek berriz ikusteko aukera izaten da xaloatelebista.eus atari digitalean, eta baita albisteak irakurtzekoa ere.

 

Xaloa Telebistako bi langile Nafarroa Oinezen lanean.

25. urtebetetzea ospatzeko ekitaldiak

Mende erdi egunero betetzen ez denez, ospakizun berezia egin nahi izan dute, eta horretarako hitzaldi sorta bat egin zuten udazkenean Iruñean. Nafarroako basoak, nekazaritzaren egoera Nafarroan, energia berriztagarriak eta klima, gazteak eta sare sozialak, Iruñerriko musikaren nondik norakoak, euskal komunikabideen inguruko mahai ingurua… Hainbat gai jorratu zituzten horietan guztietan, eta egindakoaren «balorazio positiboa» egin dute: «Esperientzia polita izan da. Iruñean hitzaldi aunitz gazteleraz izaten dira, eta guk apustua egin dugu denak euskaraz izateko». 

25. urteurrena ospatzeko hitzaldi ziklo bat egin zuten iaz 

Hain gustura gelditu dira egindakoarekin, heldu den urtean antzeko ziklo bat egitekotan direla. «Argi dugu aurten errepikatuko dugula, eta asmoa da leku desberdinetan egitea eta bertze gai batzuen inguruan», kontatu du. Hitzaldi horiez gain, bertze ekintza batzuk ere egin dituzte urteurrena ospatzeko, tartean Sudurgorri saioaren lau atal Iruñeko Kondestablen grabatu zituzten, grabazioa estudiotik karrikara eramanda. 

Helburua: «irautea»

Orain arte egindako aztertuta, begirada etorkizunean paratua dute Xaloan eta, argi du zuzendariak zein den helburua «irautea, edo hobeki erranda bizirautea». Ahalik eta saiorik gehien ekoitzi nahi dituzte, hori baita euskararen alde egin dezaketen ekarpena,. Ekoizpenaz, harago, ordea, horiek ikusteko moduak kezkatzen du Igarabide.

Azken aldian telebista ikusteko sortutako plataformek kontsumo eredua aldatu dutelakoan dago, eta tokiko telebistak eredu horretatik kanpo gelditzen direla. «Garai batean antena bidez igorrita telebistan ikusten zuen jendeak, baina, gaur egun plataformen bidez gehiago ikusten da, eta tokiko telebistak hortik kanpo gaude», azaldu du. Horregatik, helburua kalitatezko produktuak sortzea dela nabarmendu du, nahiz eta argi utzi duen «zaila dela telebista bat izatea».

Aurten ere hitzaldi zikloa egiteko asmotan dira 

Diru iturriak bilatzea eta lortzea da egungo Xaloaren zailtasunetako bat bere hitzetan. Gaur egun finantzaketa nagusia dirulaguntzen bidez izaten dutela azaldu du, eta proiektuaren arabera aldatzen direla horiek. Gainerako diru iturria aldiz, dirulaguntzekin alderatuta nabarmen txikiagoa, publizitatearen bidez jasotzen dute. Horiek lortzeko dauden zailtasunak nabarmendu ditu. 

Guziaren gainetik, ordea,  25 urtez egindako bidearen balorazioa positiboa da: «Xaloa bizirik dago, irauten du, eta egindako bidea positiboa da. Euskararen tresna izaten jarraitu nahi genuke. Eskerrak eman nahi dizkiegu ikus entzuleei, eta baita laguntzen diguten elkarte eta erakundeei ere». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun