Garfe enpresaren binakako txapelketan ariko dira Aldabe, Elizalde eta Retegi Bi

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 12a, 20:00
Garfek antolatutako eskuz binakako pilota txapelketan parte hartuko duten pilotariak, aurkezpenean. Argazkia: Garfe

Joseba Aldabe igantziarrak igandean Sartagudan jokatuko du txapelketako lehen partida, Pradorekin batera, Iribarren eta Iturriagaren kontra

Garfe pilota enpresak LENC eskuz binakako txapelketaren aurkezpena egin du eta igande honetan abiatuko da Sartagudan. Denera zortzi bikote ariko dira eta tartean, eskualdeko hiru pilotari ere ariko dira: Ugaitz Elizalde iturendarra, Retegi Bi eratsundarra eta Joseba Aldabe igantziarra.

Denera zortzi bikote ariko direnez, azken urteetan baino bi gehiago, bi multzotan banatu dituzte pilotariak. A multzoan Labaka eta Ladis Galarza, Arteaga eta Irusta, Elizalde eta Irurita eta Uribe eta Merino II.a ariko dira. B multzoan, berriz, Retegi Bi eta Garmendia, Iribarren eta Iturriaga, Etxebarria eta Bergera eta Prado eta Aldabe.

Binakako txapelketako lehen partida, urtarrilaren 15ean, igandean 17:00etan Sartagudan hasiko den jaialdian jokatuko dute Prado eta Joseba Aldabe igantziarrak, Iribarren eta etxean ariko den Diego Iturriagaren kontra. Binakako txapelketako partidaren aitzinetik, lau eta erdiko txapelketako final laurdenetako partida jokatuko dute Labakak eta Etxebarria II.ak. Sarrera doan izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun