Euskal Herriko zortzinakako sokatira txapelketa asteburu honetan abiatu da, zazpi kategoriatan banatua (gizonezkoen lau kategoria, emakumeen bi eta mistoa). Lesakako Beti Gazte eta Amaiur dira eskualdeko ordezkariak. Larunbatean jokatu zen dagoeneko lehen txapela, gizonezkoen 680 kilokoa, Hazparnen. Beti Gazte izan zen txapeldun, Gaztedi bizkaitarrekin lehia estua izan ondotik.
Sei talde aritu ziren lehian larunbatean Hazparnen, denak denen kontra. Beti Gazte gailendu zen eta honenbertzez, 680 kiloko txapela jantzi zuten lesakarrek. Zortzikote txapeldunean Carmelo Mitxelena, Ander Mitxelena, Joxe Angel Mitxelena, Oskar Telletxea, Beñardo Iantzi, Beñat Ordoki, Unai Gurrutxaga eta Julen Palenzuela aritu ziren tiran, Paxkual Taberna erakusle zutela.
Lesakako taldeak Gaztedirekin izan zuen lehiarik estuena, baina azkenean tiraldi guztiak irabazi zituen. Gaztedi bigarren izan zen eta Zuraide A taldeak osatu zuen podiuma. Ñapurrak laugarren izan zen, Zuraide B bosgarren eta Ibarra seigarren.
Emakumeen 540 kiloko lehen jardunaldia igandean Lesakan
Igande goizean, Lesakako udal pilotalekuan jokatu zen emakumezkoen 540 kiloko txapelketako lehen jardunaldia. Amaiur eta Beti Gazterekin batera, Abadiño, Badaiotz, Gaztedi eta Ibarra A aritu ziren eta lehia polita eskaini zuten. Ibarra izan zen onena. Beti Gazterekin lehia estua izan zuen eta elkarren arteko tiraldi bana irabazi zuten. Gainerako guztiak irabazi zituen Ibarrak, baina Beti Gaztek Gaztedirekin ere berdindu zuen. Gainerako tiraldi guztiak irabazi zituzten lesakarrek ere. Honela. Lesakako jardunaldian 13 puntu lortu zituen Ibarrak, 11 Beti Gaztek, 8 Gaztedik, 7 Badaiotzek, 3 Amaiurrek (Abadiñoren kontra irabazi eta gainerako tiraldiak galdu zituen) eta 0 Abadiñok.


Datozen jardunaldiak
Urtarrilaren 14an, Busturian (Bizkaia), 640 kiloko gizonezkoen lehen jardunaldia jokatuko dute. Amaiur eta Beti Gazterekin batera, Abadiño, Berriozar, Gaztedi, Ibarra, Ñapurrak eta Zuraide A eta B lehiatuko dira.
Urtarrilaren 22an Burgelun (Araba), gizonezkoen 640 kiloko eta emakumezkoen 540 kiloko bigarren jardunaldia jokatuko dute eta urtarrilaren 28an Pobesen (Araba) bi kategoria hauetako finalak.
Otsailean sartuta, otsailaren 4an, Erandion (Bizkaia), 600 kiloko gizonezkoen lehen jardunaldia jokatuko dute. Kategoria honetan hamar talde lehiatuko dira: Amaiur eta Beti Gazterekin batera, Abadiño, Antsoain, Berriozar, Gaztedi, Goiherri, Ibarra, Ñapurrak eta Txantrea.
Otsailaren 11n, Abadiñon (Bizkaia), emakumezkoen 500 kiloko lehen jardunaldia jokatuko dute. Bederatzi talde ariko dira kategoria honetan: Amaiur, Beti Gazte, Abadiño A eta B, Badaiotz, Berriozar, Gaztedi, Ibarra eta Txantrea.
Otsailaren 12an, Abadiñon jokatuko dute 600 kiloko gizonezkoen bigarren jardunaldia.
Otsailaren 18an, Berangon (Bizkaia), 500 kiloko emakumezkoen bigarren jardunaldia eta 600 kiloko gizonezkoen finala jokatuko dituzte.
Otsailaren 25ean Laukizen (Bizkaia), emakumezkoen 500 kiloko finala eta gizonezkoen 560 kiloko txapelketa, saio bakarrean, jokatuko dituzte. Gizonezkoen pisurik arinenean Beti Gazte izanen da eskualdeko ordezkari bakarra eta Abadiño, Berriozar, Gaztedi, Goiherri, Ibarra, Ñapurrak eta Txantrearekin lehiatuko da.
Martxoko lehen asteburuan, larunbatean, martxoak 4, junior eta 23 urtez beheitiko txapelketa jokatuko dute Abadiñon (Bizkaia) eta igandean, martxoak 5, txapelketa mistoko (580 kilo) finala Ibarran (Gipuzkoa). Hau izanen da talde gehien bilduko dituen txapelketa, hamabi guztira. Amaiur eta Beti Gazterekin batera, bina talde paratuko dituzte goma gainean Abadiñok, Gaztedik eta Ibarrak eta bana Antsoain, Badaiotz, Berriozar eta Goierrik.