Aspaldiko partez Euskal Herriko zortzinakako sokatira txapelketako jardunaldi baten lekuko izanen da Lesakako udal pilotalekua. Igandean 11:30ean izanen da hitzordua eta emakumeen 540 kiloko lehen jardunaldia jokatuko da. Beti Gazte sokatira taldeak jakinarazi duenez ostatua ere irekiko dute.
Emakumeen 540 kiloko kategoria honetan Beti Gazte eta Amaiur izanen dira eskualdeko ordezkariak eta beraiekin batera, Abadiño (Bizkaia), Badaiotz (Araba), Gaztedi (Bizkaia) eta Ibarra (Gipuzkoa) lehiatuko dira.
Larunbatean lehen txapela emanen dute Hazparnen
Halere, bezperan, urtarrilaren 7an, larunbatean 17:00etan Hazparneko Mendeala gelan jokatuko da Euskal Herriko sokatira txapelketako lehen jardunaldia. Gizonezkoen 680 kiloko txapelketa saio bakarrean jokatuko da eta, beraz, bertan emanen dute lehen txapela. Lesakako Beti Gazterekin batera, Ezpeletako Ñapurrak (Lapurdi), Zuraide (Lapurdi), I barra (Gipuzkoa), Abadiño (Bizkaia) eta Gaztedi (Bizkaia) lehiatuko dira pisu astuneneko txapelaren bila.