Apiriletik aitzinera bajaren tramitazioa telematikoa izanen da

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 7a, 10:00

Apiriletik aitzinera, aldi baterako ezintasun egoeran dagoen langileak ez dio enpresari baja medikoaren paperaren kopia bat eman beharko eskura, administrazioak eginen du zuzenean.

Orain artean, medikuak langile bati baja edo alta ematen dionean, honek enpresari aurkeztu behar izaten dio agiria. Apiriletik aitzinera, ordea, prozesu hori dena telematikoa izanen da.

Hori zehazten du ortzegun honetan Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako errege-dekretuak. Dekretu hori apirilean sartuko da indarrean, eta une horretan martxan dauden eta 365 eguneko iraupena gainditzen ez duten prozesu guztiei aplikatuko zaie.

Hala, arauak dio medikuak baja edo altaren partearen kopia emango diola langileari. Osasun zerbitzu publikoak edo mutuak, berriz, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari (INSS) bidaliko dizkio datuak, eta hark, aldi berean, enpresei jakinaraziko dizkie  identifikazio-datu administratibo hutsak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun