Nafarroa osoko 70 pilotarik parte hartu dute Labriten emakumeen ‘Bost Kirol’ jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 5a, 12:00

Nafarroako emakumezkoen pilotak gogo biziz eta kolorez hartu du urte berria. Iruñeko Labrit pilotalekuan urtarrilaren 4an, asteazken arratsaldean, jolas-, bizikidetza- eta kirol-jardunaldia izan zuten, taldekako ‘Bost kirol’ topaketa baten inguruan, eta Nafarroa osoko 16 klubetako 70 pilotarik hartu zuten parte, ume edo benjamin mailatik hasi eta gazte edo jubenil mailara artekoak.

Nafarroako Pilota Federazioko Emakumearen Batzordeak sustatuta, hiru pilota modalitatetan aritu ziren Nafarroa osoko neskak: esku pilota (pilota goxuarekin eta mistoa), paleta goma (mollepelle pilotarekin eta gogorrarekin) eta frontenis. Baina 33 pilota partida jokatzeaz gain, besta ttiki bat ere izan zuten, kotilloi bateko osagarriekin eta jokuekin.

Neska ttiki eta gazteez gain, goi mailako pilotariak ere izan ziren Labriten. Gaur egun, paleta goman Munduko txapeldun den Maider Ardanazek, Munduko txapelketan parte hartu duen Uxue Murillok eta Nafarroako selekzioko Amaia Espinalek eta Paula Gorostiagak parte hartu zuten jokoetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun