Erosketa saskian aurrezteko, marka zuriko produktuak kontuan hartzea gomendatu du Irache kontsumitzaileen elkarteak

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 31a, 11:00

Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak marka zuriko produktuen erosketa baloratzea gomendatu du, erosketa saskiaren gastua murrizteko nahitaezkoa delako. Kontsumitzaileen elkarte honek egindako ikerketa baten arabera, marka zurien eta arrunten arteko aldea % 46 ingurukoa izan daiteke, eta produktu batzuetan % 70ekoa izatera ailega daiteke.

Espainiako Estatistikako Institutu Nazionalaren (INE) arabera, etxe estandar batean 4.806 euro gastatzen dira urtean elikaduran. Beraz, marka zuriarekin bi mila euro baino gehiago aurrez litezke. Jakina, maximoen kalkulua da; izan ere, produktu guztietan ez dago marka zuririk, eta prezioen aldeak aldatu egiten dira artikuluetan eta establezimenduetan.

Urtez urte, marka zurien eta marka arrunten arteko prezioen aldea mantentzen da

Azken urteotan, marka zurien eta marka arruntek dituzten prezioen aldea mantendu egin da. Irachek 2016an egindako azterlanari dagokionez, oraingo prezioen batez bertzeko aldea duela sei urte zegoena baino 1,41 puntu handiagoa da, % 44,84 izatetik % 46,25 izatera igaro baita.

Beraz, marka zuriek, oro har, markako produktuek izan duten garestitzearen antzekoa izan dutela ikus daiteke. Horregatik, hain zuzen ere, aurrezpena antzekoa da.

Zenbat eta elaborazio gehiago, orduan eta alde handiagoa

Ageri denez, elementu primario desberdinak behar dituzten edo elaborazio handiagoa behar duten produktuek (gazpatxoak, kakao-kremak, kontserbako barazkiak) prezioen desberdintasun handixeagoak dituzte elementu bakarrekoek baino edo aldez aurretik elaborazio gutxiago behar dutenek baino.

Garbiketako produktuak % 60 merkeago marka zurikoak izanez gero

Bertzalde, etxea garbitzeko zenbait produkturen prezioa ere aztertu dute, elikaduran baino gehiago aurrez daitekeela ikusi baita marka zurikoa izanez gero. Azterlan horren arabera, garbiketako produktuetan % 60 inguruko aldeak daude.

Kalitatearen eta prezioaren arteko erlazioa baloratu behar du kontsumitzaileak

Nolanahi ere, produktuaren prezioa kalitatearen arabera baino ezin da baloratu. Alde horretatik, kontsumitzaileak berak neurtu behar du zer alde dauden produktu baten edo bertze baten artean, eta horrela bakarrik erabaki ahal izanen du prezioaren aldea ordaintzea merezi duen ala ez, bere aukera ekonomikoen arabera.

Establezimendu batzuetan bakarrik beren marka zuriak eskaintzen dituzte

Banatzaileek dituzten merkataritza-estrategiak egiaztatu ahal izan dira lanean. Horietako batzuek marka zuriko produktu guti batzuk dituzte apaletan, eta marka komertzial ugari; bertze batzuek, aldiz, bezeroei beren marka zuria eskaintzen diete nagusiki, ia produktu guztietan, eta, aldiz, arras marka komertzial guti dituzte euren saltokietan.

Banatzaileak ekoizten edo enkargatzen du produktua egitea

Edonola ere, marka zuria aukera interesgarria da kontsumitzailearendako erosketak egiterakoan gastua murriztu nahi baldin badu. Marka zuria hipermerkatu edo supermerkatu kateak berak banatzen duena da. Hau da, zuzenean ekoizten duena edo, ohikoena den bezala, fabrikatzaile bati azpikontratatzen edo enkargatzen diona. Nolanahi ere, marka horren pean ekoitzitako produktua banatzailearena da, eta hark erabakitzen du zer ezaugarri eta prezio dituen.

Batzuetan marka establezimenduarena berarena da eta bertze batzuetan bertze izen batekin merkaturatzen da, baina beti katearen establezimenduetan. Baliteke fabrikatzailea marka zuri honetan bakarrik aritzea edo bertze marka batzuetarako ere ekoiztea. Izan ere, produktuaren etiketei erreparatzen badiegu, kasu batzuetan marka zuri baten ekoizlea marka ezagunago batentzat egiten duen bera dela ikus dezakegu. Ekoizlea berdina izan daitekeen arren, prezioak aldatu egiten dira, egindako azterketak adierazten duen bezala.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun