'Landa eremuaren etorkizunerako herri alternatiba orain' dinamika abiatu du eskualdeko Ernaik

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 27a, 15:00

Baztan-Bidasoko enplegu gabezia, etxebizitza problematika, zerbitzuen galera eta konektagarritasun oztopoak salatu dituzte eta alternatiben beharra azpimarratu dute

Baztan-Bidasoko Ernaik 'Landa eremuaren etorkizunerako herri alternatiba orain' dinamika aurkeztu du, herrietan bizi duina izateko aukera lortzea duena helburu. Taldeak azaldu duenez, «Euskal Herriak, eta bereziki Baztan-Bidasoa bezalako landa eremuko eskualdeek, aldaketa nabarmena jasan dute azken hamarkadetan. Urte aunitzetan herritarren lehentasunezko elementu izan da landa eremua, izaera propioa garatu baitu lehen sektoreaz baliatuz eta herri kohesioa mantenduz. Hala ere, globalizazioak eta egungo sistema kapitalistak erabat irauli dute bizimodua, komunitate izaera deuseztatuz eta herrietan bizitza duina izateko aukerak urratuz. Baztan, Malerreka eta Bortzirietan, erraterako, landa eremuan orokortua dagoen bilakaera honen ondorioak pairatu ditugu».

«Lehen sektorearen krisia» salatu dute; «Makro-ereduak gailenduz joan dira, abeltzain eta nekazari txikiei trabak jarri zaizkien bitartean. Tokiko garapenari ateak ireki beharrean, Aroztegia eta Erdiz merkatu-logikaren baitako proiektu txikitzaileak inposatu nahi izan dizkigute».

Gainera, «zerbitzuen galera» nabarmendu dute; «tokiko dendak itxi dira, osasun-etxeetan zerbitzua emateari utzi diote, herrietako eskola txikiak itxi dituzte... Orokorrean, herriko bizimodua sostengarria izatea ahalbidetzen zuten oinarrizko zerbitzuen galera eman da eta turismo basatia sustatzeko zerbitzuak indartu egin dira».

Honez gain, «etxebizitza problematika» salatu dute, «gazteok eskualdean bizi proiektu bat aitzinera eramateko beharrezkoa dugun etxebizitza sarbidea ez zaigu bermatzen. Hau guztia, Baztan-Bidasoko etxebizitza hutsen ehunekoak Nafarroako etxebizitza hutsen ehunekoa bikoizten duen bitartean».

Azkenik, «mugikortasun arazoak» izan dituzte hizpide; «garraio publikoaren gabeziak eta horrek sortzen duen autoarekiko dependentziak are gehiago zailtzen du herri txikietan bizirauteko aukera».

Arazo hauek «eskualdearen etorkizuna» baldintzatzen dutela salatu dute, beraz, «egoera honen aitzinean eskualdeko gazteoi egoera irauli eta Baztan-Bidasoko bizimodua bizigarria izan dadin alternatiben inguruan hausnartzea eta hauek borrokatzea dagokigu. Honengatik, eskualdeko problematika zehatza landuko duen dinamikan murgilduko gara. Herria bizi dadin, herritarrok egin behar dugulako ekarpena».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun