Nafarroako eskuz binakako pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte gaur Labriten

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 23a, 09:00
Joan den urtean Canabal herritarrarekin jantzi zuen txapelari eusten saiatuko da Joseba Aldabe igantziarra, oraingoan Oskoz lagun duela.

Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko dituzte abenduaren 23an, ortziralean 17:00etan hasita Nafarroako eskuz binakako pilota txapelketako finalak, senior mailako hiru kategoriatan. Aipatzekoa da eskualdeko bi pilotari izanen direla finaletan: ZIgako Aimar Prim bigarren mailakoan eta Joseba Aldabe igantziarra lehen mailakoan.

Jaialdia ortziralean 17:00etan hasiko da Labriten, hirugarren mailako finalarekin: Larraun klubeko Huizi eta Oreja, Paz de Zigandako Iturbide eta Olazen kontra ariko dira.

Bigarren mailako finalean, berriz, belaunaldi arteko lehia izanen da. Beteranoak, Lekunberriko Xuban Armendariz (37 urte) eta Berriozarko Jose Luis Tabar (40 urte), Irurtzun klubekoak, Atarrabiako Jon Lakabe eta Zigako Aimar Primen kontra ariko dira. Hogeina urte dituzte Paz Ziganda klubean ari diren bi piotari hauek.

Lehen mailako finalean, azkenik, Zugarraldeko David Landa eta Aitor Alduntzin, Oberenako Javier Oskoz (Lantz) eta Igantziko Joseba Aldaberen kontra ariko dira. Aldabe Munduko txapeldun da gaur egun eta maila nagusiko laugarren finala jokatuko du aurten. Nafarroako frontball txapelketa ere irabazi du aurten Aldabek. Aipatzekoa da Aldabek 2019an eta 2021an ere irabazi duela txapelketa hau, orduan Oian Canabal herritarrarekin batera eta 2018an txapeldunorde izan ziren bi igantziarrak.

Aurtengo bigarren eta lehen mailako finalak zuzenean emanen ditu Navarra Televisión telebistak, 18:00etatik aitzinera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun