Nafarroako Kirol Jokoetan txapelak lortu dituzte eskualdeko neska pilotariek

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 21a, 12:00
Ortziralean Zizurren finalak jokatu zituzten pilotariak, sari banaketaren ondotik.

Gazte mailan, Aurrerako Zabaleta leitzarra eta Agorreta suertatu ziren txapeldun eta alebin mailan, Arkupeko Almandoz eta Iratzoki igantziarrek Ados pilotako Altzuri eta iñigo iturendarrei irabazi zieten

Nafarroako XXXVI. Kirol Jokoen barrenean, nesken esku pilota txapelketako finalak jokatu zituzten abenduaren 16an, joan den ortziralean, Zizur Nagusian. Eskualdeko pilotariak ere izan ziren finaletan eta batzuk txapelak jantzi zituzten.

Jubenil edo gazte mailako finalean, erraterako, Aurrerako Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Katixa Agorretak 22-20 irabazi zieten Oberenako Lasa eta Oskozi.

Kadete mailako finalean ez zen eskualdeko pilotaririk eta Oberenako Petri eta Crespok 18-12 irabazi zieten Ardoiko Gomez eta Madariagari.

Alebin mailan, berriz, bi bikoteak eskualdekoak ziren. Arkupe elkarteko Nahia Almandoz eta Joana Iratzoki igantziarrek 18-15 irabazi zieten Ados pilotako Leiane Altzuri aurtiztarrari eta Garazi Iñigo iturendarrari.

Almandoz eta Iratzoki igantziarrak eta Altzuri eta Iñigo iturendarrak, alebin mailako finalistak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun