Mugaz gaindiko eskubaloia protagonista izanen da igandean Donezteben eta Elizondon

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 15a, 16:00

Kadete eta infantil mailako Nafarroako selekzioekin batera, Euskadi eta Pinirio Atlantikoetakoak ariko dira igandean Donezteben eta Elizondon.

Nafarroa, Euskadi eta Pirinio Atlantikoetako infantil eta kadete mailako mutikoak ariko dira Donezteben eta neskak Elizondon

Erreka eta BKT eskubaloi taldeek asteburuan izanen dituzten partidez gain, igande honetan mugaz gaindiko eskubaloiaz gozatzeko aukera izanen dute Doneztebeko eta Elizondoko kiroldegietan. Infantil eta kadete mailan, Nafarroa, Euskadi eta Pirinio Atlantikoetako neska-mutilen selekzioak ariko dira.

Zehazki, Donezteben, infantil mailako mutikoak ariko dira igande goizean (10:30ean Nafarroa-Euskadi, 11:45ean Euskadi-Pirinio Atlantikoak eta 13:00etan Pirinio Atlantikoak-Nafarroa) eta kadete mailako mutikoak igande arratsaldean (16:00etan Nafarroa-Euskadi, 17:30ean Euskadi-Pirinio Atlantikoak eta 19:00etan Pirinio Atlantikoak-Nafarroa).

Elizondon, berriz, infantil mailako neskak ariko dira igande goizean (10:30ean Nafarroa-Euskadi, 11:45ean Euskadi-Pirinio Atlantikoak eta 13:00etan Pirinio Atlantikoak-Nafarroa) eta kadete mailako neskak igande arratsaldean (16:00etan Nafarroa-Euskadi, 17:30ean Euskadi-Pirinio Atlantikoak eta 19:00etan Pirinio Atlantikoak-Nafarroa).

Nafarroa, Euskadi eta Pirinio Atlantikoetako eskubaloi Federazioekin batera, Nafarroako Gobernuaren Nafarroako Kirolaren Institutuak, Doneztebe eta Baztango udalek eta Erreka eta Baztango BKT kirol elkarteek babesten dute lehiaketa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun