GUTUNA: Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Nafarroako Legean, euskal hiztunak desagertuak

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 17a, 10:00

AET Administrazioan Euskaraz Taldeak egin du salaketa: Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Nafarroako Legeak hizkuntza-eskubideen inguruko aipamenik txikiena ere ez du egiten. Beraz, euskal hiztunok Nafarroan eskubiderik gabe geldituko gara, kontsumitzaile eta erabiltzaile garen aldetik.

Nafarroako Parlamentuak onartu du Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen estatutua arautzen duen Foru Legea.

Eusko Legebiltzarrak onartutako 6/2003 Legearekin ezberdintasun garrantzitsua dauka: Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak.

6/2003 Legeak honako hauek arautzen ditu: Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak (euskarazko eta gaztelaniazko hiztunei dagozkienak), eskubide hauei dagozkien erakunde publikoen betebeharrak, diruz lagundutako erakundeen eta interes orokorreko sektoreen betebeharrak, bezeroentzako arreta, ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa emateko hizkuntza, eta sustapen-jarduketa publikoa.

Nafarroako Legeak, ordea, hizkuntza-eskubideen inguruko aipamenik txikiena ere ez du egiten. Beraz, euskal hiztunok Nafarroan eskubiderik gabe geldituko gara, kontsumitzaile eta erabiltzaile garen aldetik.

Ikusezinak, entzun ezinak gara. Euskararen Foru Legea zonifikazioan oinarritzen da. Sistema konplikatuegia da beti kontuan hartzeko. Beraz, hobe praktikan euskaltzaleen aspaldiko aldarrikapena onartzea: Zonifikazioa desagertzea. Beste behin Nafarroa osoa eskualde «ez euskaldun» bihurtu dute.

Administrazioan Euskaraz Taldearen izenean:

Joseba Otano Villanueva

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun