Beti Gazteko gizonezkoek ere Euskal Herriko launakako sokatira txapelketa irabazi dute

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 5a, 14:00

Euskal Herriko launakako sokatira txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko dute igande goizean Itsasun (Lapurdi). Gizonezkoen txapelketa jokatu zuten, 310 kiloko kategorian, eta Beti Gazteko taldea nagusitu zen.

Beraien multzoan Berriozar menperatzen izan zuen lanik handiena Beti Gazteko laukoteak (Ander Mitxelena, Beñat Ordoki, Unai Gurrutxaga eta Gerardo Telletxea aritu ziren tiran, Joxe Angel Mitxelena erakusle zutela), baina halere tiraldi guztiak irabaztea lortu zuen, baita bertze multzoko lehena izan zen Ibarra taldearen kontrako finala ere. Hirugarren Berriozar izan zen, Ñapurrak A laugarren, Zuraide bosgarren, Ñapurrak B seigarren, Amaiur zazpigarren, Abadiño zortzigarren, Txantrea bederatzigarren eta Antsoain hamargarren.

Momentuz emakumeen eta gizasemeen txapelketak irabaziak ditu Beti Gaztek eta Euskal Herriko launakako txapelketa bukatzeko, abenduaren 10ean, txapelketa mistoa jokatuko dute 280 kiloko kategorian, Berriozarren (bi talde aurkeztuko ditu Amaiurrek eta bakarra Beti Gaztek).

Zortzinakako txapelketa urtarriletik martxora

Eguberrietako atsedenaldiaren ondotik, urtarriletik hasita eta martxora bitarte Euskal Herriko zortzinakako sokatira txapelketa jokatuko dute, zazpi kategoriatan banatua (gizonezkoen lau kategoria, emakumeen bi eta mistoa). Urtarrilaren 7an jokatuko da dagoeneko lehen txapela, 680 kilokoa, Hazparnen jokatuko den saio bakarrean. Asteburu horretan, urtarrilaren 8an Lesakan jokatuko dute emakumeen 540 kiloko lehen jardunaldia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun