Heldu den urteko uztailaren 1etik 31ra 120 gazte euskaldunek Euskal Herria zeharkatuko dute oinez eta euskaraz, EuskarAbentura Espedizioan. Espedizioaren 4. ediziorako izen-emate epea 2022ko abenduaren 1ean zabalduko da eta Euskal Herriko zein diasporako 16-17 urteko gazte euskaldun guztiek 2023ko martxoaren 3ra arteko epea (eguna barne) izanen dute hautagaitza aurkezteko. Horretarako, minutu bateko aurkezpen bideo labur bat eta banakako proiektu bat aurkeztu beharko dituzte, azken hau elkarteak proposatutako gai eta formatu bat aukeratuz.
Aurten hautagaitza bidali nahi duten gazteek banakako proiektua sortzeko hiru gai dituzte aukeran:
-
Turistak vs Bidaiariak: Nola eta zertarako bidaiatzen dugu? Bidaiatzen duen pertsona ororekiko jarrera berdina al dugu? Zein ondorio dakartza masa turismoak?
-
Natura gizartean/Gizartea naturan: Nola txertatzen da natura gizartearen espazioetan? Ezagutzen ditugu inguruan bizi diren landare, animalia eta izaki bizidunak? Geratzen al da munduan gizakion eraginik jasan ez duen espaziorik?
-
Happykrazia: Norbanakoa al da bere zoriontasunaren erantzule bakarra? Zer desiratzen dugu eta zergatik? Desiratzen dugun oro eskuragarria al da?
Era berean, gai hauek garatzeko gazteek sei lan formatu dituzte aukeran: literarioa, musikala, historikoa, ikus-entzunezkoa, plastikoa eta sormen digitalekoa. Hautagaitzak elkartearen webgunean egingo dira.
Jasotako proiektuak, Eusko Ikaskuntza eta PuntuEus Fundazioak ebaluatuko dituzte eta apirilaren 14an 120 gazte parte-hartzaileen behin-behineko zerrenda argitaratuko dute. Espedizio taldeko kideak hautatzeko nagusiki proiektuaren balorazioa hartuko dute kontuan, baina baita gazteen jatorria, generoa eta agertzen duten motibazioa ere.
Gazte eztanDA! eguna Durangon
Abenduaren 7an eta 9an EuskarAbenturako kideak Durangoko Azokako Landako Gunean izanen dira proiektuaren inguruko informazioa zabaltzen. Gainera, abenduaren 7rako Gazte eztanDA! eguna antolatu du Gerediaga elkarteak, eta egun horretan antolatu duten DA! Gynkanan parte hartzen duten gazteek (2006an edo 2007an sortutakoak) 2023ko espedizioan parte hartzeko plaza baten zozketa sartuko dira. Bertan parte hartzeko izena ematea nahitaezkoa da.