Bidasoko Bide Berdearen jarduerari buruzko azterketa eginen dute Bizi-Connect proiektuaren barrenean

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 1a, 19:00
Bidasoko Bide Berdeko erabailtzaileen ohituren eta harat-honaten azterketa ere sartzen Bizi-Connect proiektuan.

Nafarroako Gobernuk gidatuko du egiasmoa, Akitania Berria eta Euskadirekin euroeskualdean bizikletaren eguneroko erabilera sustatzeko

Nafarroako Gobernuak, Euskadirekin eta Akitania Berriarekin batera, Bizi-Connect proiektua bultzatuko du. Proiektu horren barruan, euroeskualdeko herritarrak bizikleta garraiobide jasangarri gisa erabiltzeaz kontzientziatzeko jarduera-programa oso bat garatuko da elkarlanean 2023ra arte, Nasuvinsa-Lursarearen koordinaziopean.

Mugikortasun iraunkorreko eredu horren aldeko ekintzen artean daude hitzaldiak eta proiekzioak egitea, ibilbideak ezagutzeko bizikletaz irteerak antolatzea eta bizikletak mantendu eta konpontzeko oinarrizko ezagutzak lortzeko tailerrak egitea.

Proiektu hori mugaz gaindiko beste bi bazkiderekin batera landuko du Nafarroak: Recycl’arte, ekonomia sozialekoa, mugikortasun jasangarria eta bizikleten berrerabilera sustatzen duena; eta Balazta (Bidasoko Bizikletaren Aldeko Elkartea), bizikleta Bidasoaldean garraiobide iraunkor gisa erabiltzea bultzatzeko helburua duena. Proiektua garatzeko, Nafarroako Gobernuak 45.324 euroko aurrekontua du. Horietatik %50 euroeskualdeak finantzatu ditu, %30 Nafarroako Gobernuko Lurralde-kohesio departamentuak eta gainerako %20 Nasuvinsak.

Bidasoko Bide Berdearen jarduerari buruzko azterketa

Bidasoko Bide Berdeko erabiltzaileen ohituren eta harat-honaten azterketa ere sartzen da planean, etorkizun hurbilean mugikortasun-politikak garatzeko behar diren datuak izateko, gizarte-erronkei eta euroeskualdearen lehentasunei erantzuteko. Aldi berean, euroeskualdeko bertze bizikleta-bide batzuetan aplika daitekeen azterketa-metodologia ezarriko da.

Hori dela eta, Nasuvinsa sozietate publikoan sartuta dagoen Lursarea Lurraldearen eta Jasangarritasunaren Nafarroako Agentziak datorren urtean lan eginen du Euskadirekin eta Akitania Berriarekin batera proiektu hau koordinatu, diseinatu eta garatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun