14.000 erreserba baino gehiago egin dira aurten Nafarroa Ezagutu Sareko espazio eta ibilbideetan

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 1a, 15:00
Nafarroa Ezagutu Sareko batzarrean parte hartu zuten hainbat teknikari, Astitzeko Medukilo kobazuloaren atarian.

Nafarroa Ezagutu Sareko edukiera kontrolatzeko tresnak guztira 14.140 erreserba zenbatu ditu aurten bertako espazio eta ibilbideetan. Elkarteak Astitzeko Mendukilo kobazuloan azaroaren 30ean egin zuen ohiko batzar orokorrean ezagutzera eman zuen datua. 

Nafarroa Ezagutu Sarea Nafarroako natura-gune babestuak eta erabilera publikoko espazio bereziak eta ibilbideak kudeatzen dituzten 60 erakunde baino gehiagok osatutako elkartea da, eta esperientziak trukatzeko, sarean lan egiteko eta baliabideak optimizatzeko topagunea dela erran daiteke. Horrez gain, espazio horietako bisitarientzat eskaintza eta zerbitzua hobetzeko lan egiten du, tokiko erakundeei eta beste erakunde batzuei lagunduaz, toki-garapenean eta herrietako enpleguaren sorreran aritzen diren toki horien kudeaketa iraunkorra egiteko. 

Leurtzako Urtegia eta Riezu ibilbidea-Ubagua Ibaia aurten konektatu dira. Edukiera kontrolatzeko erremintan sartu dira, beraz, masifikazioa saihestu eta landa-eremuetako bisitarien eta bizilagunen arteko bizikidetza eta kontserbazioa hobetze aldera. Dagoeneko hamalau dira erreminta honetara atxikitako eremuak. Hobekuntzak gehitu dira erabiltzaileentzat (Bizum bidez ordaintzea) eta kudeatzaileentzat, tartean, aginte-taula bat, ibilgailuen, taldeen edo pertsonen erreserbari buruzko informazio eta guzti, bisitarien profila edo inguruan sortutako eragin sozio-ekonomikoa aztertu ahal izateko. 

Nafarroa Ezagutu Sareko lehendakari eta Plazaola Kontsortzio Turistikoko zuzendari kudeatzailea den Gustavo Ortiz de Barronek, Sareko lehendakariorde eta Nafarroako Gobernuko Proiektu Estrategikoetako zuzendari nagusia den Ruben Goñik eta Nafarroako Gobernuko eta Lursareko (Nafarroako Lurralde eta Iraunkortasunaren Agentzia, Nasuvinsaren eremu gisa) teknikariek aurten egindako eta datorren urtean burutu nahi diren jarduerak errepasatu zituzten.  

Dirulaguntzak

Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak 182.666 euroko diru-laguntzak eman dizkie Sareko kide diren erakundeei, 2022an. Guztira 13 proiektu gauzatu dira, 10 toki-erakundeenak eta 3 irabazi asmorik gabeko elkarteenak. Proiektuek inbertsio-izaera izan behar zuten, balio erantsi bat ematearekin batera inbertsioaren xedeko baliabideari edo haren eragin-eremuari, lurraldearen iraunkortasunaren ikuspegitik. 

Dirulaguntza hartutako proiektuen artean, eskualdean, Zugarramurdiko leizea bisitatzeko ibilbidea zabaltzea Akelarreko Belardiarekin eta Infernuko Zubiarekin konektatzeko, eta Zubietako Errota Ekomuseorako oinezko sarrera hobetzea daude

Datorren urtean, inbertsioen deialdia errepikatu nahi da Nafarroa Ezagutu Sareko espazio eta ibilbideetan garapen sozial iraunkorreko proiektuak gauzatzearren. 

Iraunkortasun-arloko langileak 

Guztira hamar pertsona iraunkortasun-teknikari gisa trebatu dira Sakana-Plazaola-Aralar eta Bidasoa-Leurtzan 2022an, iazko formula errepikatuz (iaz, Lizarraldean-Lizarran trebatu ziren). Datorren urtean, prestakuntza eta kontratazioa burutu nahi dituzte Iruñerrian eta Pirinioaurrean eta Zangozan. Teknikariaren figura oso ondo baloratu dute espazioetako erabiltzaileek nahiz horien kudeatzaileek. 

Prestakuntza bi ikastarorekin osatu da: Tratua eta elkarreragina pertsona ezinduekin Sareko ingurune naturaletan eta Komunikazio-trebetasunak eta gatazken konponketa

Batzarrak bere barne-araudi berria onartu du; bertan, espazio zehatz bat ez duten aditu eta kolaboratzaileentzako elkartekidearen figuraren definizio berria sartu da. Bazkideak diren erakundeen eskubideak eta betebeharrak ere osatu dira; hau da, batzar orokorretara joatea, sareko lana eta urteko Lan-plan bat egitea, garapen iraunkorrarekin loturiko hiru ekintzarekin gutienez. 

Ildo horretan, honako hauen altak onartu dira: Erronkariko Udala (bainu-gunea), Lesakako Udala (BTT Bizibide Ibilbideen Sarea), Ultzama Fundazioa (Orgiko Oihana ARN), Lizasoko Kontzejua ordezten duena, eta Orbaibarko Garapenerako Elkartea, nahiz Ezkarozeko Udalak (Ezezko Uraren Bidea), bazkide berri gisa. Horrez gain, Nafarroako Erdialdeko Garapen Partzuergoak Nafarroako Erdialdeko Ibilbideak osatu ditu oinezko bidezidorrekin. Modu horretan, Nafarroa Ezagutu Sareak 53 erakunde bazkide eta 16 elkartu ditu. 

Bestalde, lantzen ari diren proiektuen berri eman da. Eskualdean, Urumealdean, Goizueta eta Aranoko bainu-eremuen inguruko diagnostikoa eta hondakinen, erabileren eta masifikazioaren arazoak konpontzeko prozesu parte-hartzailea abiatu dute

Azkenik, elkartearen web gunea berritzeko komunikazioan egindako lanaren berri eman da. Guneak 3.000 erabiltzaile inguru eta 8.320 bisita izan ditu, gaztelaniaz eta euskaraz 150 albiste edo ekitaldi eskaini ondoren. Sare sozialetako argitalpenak 111.394 izan dira Facebooken eta 24.218 Instagramen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun