Bortz Kirol txapelketako finalerdietako protagonistak erabaki dira

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 30a, 07:00
Eloy Garcia eta David Albiasu igandean. Biak Bortz Kirol txapelketako finalerdietan izanen dira.

Donibane Garaziko Karrikaburuk Doneztebeko Garcia izanen du arerio eta Narbarteko Albiasuk Oiartzungo Ugalde

Igandeko jardunaldiaren ondotik, erabakia gelditu da Doneztebeko Erreka elkarteak lehen aldiz antolatutako Bortz Kirol pilota txapelketako finalerdietako protagonista zein izanen diren. David Albiasu narbartearra Andoni Ugalde oiartzuarraren kontra ariko da eta Donibane Garaziko Jerome Karrikaburu Doneztebeko Eloi Garciaren kontra.

Igandeko partidak

Imanol De Ruedak eta Peio Etxelekuk txapelketa utzi behar izan dute lesioen ondorioz eta, beraz, igandeko partidak erabakigarriak ziren finalerdietako gurutzaketak zehazteko.

David Albiasuk eta Eloy Garciak dagoeneko sailkatuak zeuden finalerdietarako baina multzo buru izatea zuten helburu, horrela finalerdietan Karrikaburu faborito nagusia saihestu ahal izateko. Azkenean, narbartearra nagusitu zitzaion doneztebarrari (90-75).

Xaren eta joko garbin lehia estua eskaini zuten bi pilotariek, nahiz eta biak Albiasuk irabazi (20-16 eta 20-18). Espero bezala, eskularruarekin Garcia gailendu zen (12-20), baina paletan alde nabarmena lortu zuen Albiasuk (20-1). Esku pilota partida ere gogorra izan zen, eta Garciak irabazi zuen (18-20).

Bigarren partida oraindik garrantzitsuagoa zen, oraindik erabaki gabe zegoen finalerdietako txartel bakarra baitzen jokoan Julen Iriarte narbartearraren eta Andoni Ugalde oiartzuarraren artean. Azkenean Ugalde nagusitu zen (66-82). Iriarte hasi zen agintzen xaren (20-15), baina joko garbin eta eskularruarekin Ugaldek irabazi zuen (16-20 eta 5-20). Paletan, berriz ere narbartearra gailendu zen (20-7) eta beraz, azken partidaren faltan, tanto bakarreko aldea zen Ugalderen alde. Baina azken modalitatea oiartzuarraren kuttunena izaki, eskuz 5-20 irabazita, finalerdietarako txartela lortu zuen Ugaldek.

Finalerdietatik kanpo utzi zuen Ugalde oiartzuarrak Iriarte narbartearra.

Oraindik ez da zehaztu finalerdien data zehatza, baina Albiasu eta Ugalde alde batetik, eta Karrikaburu eta Garcia, bertzetik, ariko dira nor baino nor gehiago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun