Euskal Herriko launakako sokatira txapelketa irabazi dute Beti Gazteko emakumeek

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 28a, 12:00

Antsoainen larunbatean jokatutako lehian tiraldi guztiak irabazi zituzten. Argazkiak: Potronko

Nafarroako sokatira txapelketaren ondotik, atsedenerako astirik gabe, Euskal Herriko launakako sokatira txapelketa hasi da asteburu honetan. Igande goizean, emakumeen txapelketa jokatu zuten Antsoainen, 250 kiloko kategorian eta Nafarroako txapelketaren bidetik, hemen ere Beti Gazteko emakumeak nagusitu ziren.

Antsoainen tiraldi guztiak irabazita Euskal Herriko txapeldun suertatu zen Beti Gazteko laukotea. Irantzu Goienetxe, Ainhoa Etxegarai, Ainhoa Ubiria eta Maria Iantzi aritu ziren tiran, Joxe Angel Mitxelena entrenatzaile eta Udane Arbelaitz laguntzaile.

Lesakarrek Ibarra A taldeari irabazi zioten finalean eta Ibarra Bk osatu zuen podiuma. Txantrea izan zen laugarren, Berriozar bosgarren, Antsoain seigarren, Amaiur zazpigarren, Badaiotz zortzigarren eta Araxes bederatzigarren.

Gizonezkoena eta mistoa

Gizonezkoen txapelketa abenduaren 4an jokatuko dute, 310 kiloko kategorian (laukote bana aurkeztuko dute Amaiurrek eta Beti Gaztek), Itxasun; eta abenduaren 10ean, txapelketa mistoa jokatuko dute 280 kiloko kategorian, Berriozarren (bi talde Amaiurrek eta bakarra Beti Gaztek).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun