Greba eguna deitu dute astelehenerako Correoseko posta zerbitzuan

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 27a, 11:00

CGT, LAB, ESK, ELA, SiPcte, Intersindical Valenciana eta CNT sindikatuek greba eguna deitu dute astelehenerako, azaroaren 28rako, Correoseko posta zerbitzu publikoan.

Ohar bateratu batean azaldu dutenez, grebara jotzea erabaki dute lan hitzarmen kolektiboaren negoziazioetan aitzinera egitea «ezinezkoa» delako.

Zehazki, hurrengo lan hitzarmenean soldatak KPIarekin lotzea, 35 orduko lan astea ezartzea, eta azken 20 urteetan galdutako milaka lanpostuak berreskuratzea eskatzen dute.

Sindikatuek salatu dutenez, Correoseko lan kontratua duten langileek % 20 galdu dute erosteko ahalmena, eta funtzionarioek, aldiz, % 25.

Era berean, deialdia egin duten sindikatuek aldarrikapen instituzionalak egin dituzte, hala nola, Posta Zerbitzu Unibertsala emateko aurrekontu-partida handitzea, urtez urte murriztuz joan baita sindikatuek salatu dutenez, eta Correoseko langileak Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuan sartzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun