Euskal Herriko launakako sokatira txapelketan lehian hasiko dira Amaiur eta Beti Gazte

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 25a, 12:00
Beti Gazteko emakumeak iaz Euskal Herriko txapeldun izan ziren launaka.

Emakumezkoen txapelketa eta 21 urtez beheitikoen lehen jardunaldia jokatuko dute igande goizean Antsoainen 

Nafarroako sokatira txapelketaren ondotik, atsedenerako astirik gabe, Euskal Herriko launakako sokatira txapelketa hasiko da asteburu honetan. Azaroaren 27an, igandean 11:30ean, emakumeen txapelketa jokatuko dute Antsoainen, 250 kiloko kategorian. Amaiurrek eta Beti Gaztek laukote bana plazaratuko dute. 21 urtez beheitiko txapelketako lehen jardunaldia ere jokatuko dute Antsoainen eta hemen bi laukote kantxaratuko ditu Amaiurrek, 290 kiloko kategorian.

Emakumezkoetan, Amaiur eta Beti Gazterekin batera, Antsoain, Badaiotz, Berriozar, Ibarra A eta B eta Txantrea lehiatuko dira. 21 urtez beheitikoetan, berriz, Amaiurko bi laukoteekin batera, Abadiño A eta B, Antsoain A, B eta C, Araxes, Berriozar eta Zuraide lehiatuko dira.

Gizonezkoen txapelketa abenduaren 4an jokatuko dute txapelketa, 310 kiloko kategorian (laukote bana aurkeztuko dute Amaiurrek eta Beti Gaztek), Ezpeletan; eta abenduaren 10ean, txapelketa mistoa jokatuko dute 280 kiloko kategorian, Berriozarren (bi talde Amaiurrek eta bakarra Beti Gaztek).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun