Hamar dozena uso hartuta bukatu da ehiza denboraldia Etxalar usategietako sareetan

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 25a, 18:00
Etxalarko usazaleak sareetatik usoak biltzen. Guti ikusi da irudi hau aurtengo ehiza denboraldian.

Saran oraindik gutiago hartu dituzte, 31 bertzerik ez, eta boneta ttikia saratarrentzat izanen da abenduaren 3an Alduden Pirinioetako usazaleek eginen duten bazkarian.

Aurtengo denboraldia txarra izan da usazaleendako. Urriaren 1ean hasi eta azaroaren 20a arte hamar dozena uso harrapatu dituzte Etxalarko sareetan, 123 zehazki. Saran oraindik kaxkarragoa izan da sasoia, 31 uso bertzerik ez baitituzte harrapatu sarean..

Joan den urtean Etxalarren 30 dozena uso hartu zituzten (361) eta Saran, berriz, 114 uso.

Uso guti pasatu dira Etxalartik, gehiena itsaso aldetik joan baita. Sasoiko egun gehienetan haizegoa egin du eta, hortaz, egun auniztan ezin izan dituzte sarerik paratu. Uso pasa izan denean, berriz, altuegi etorri dira sareetan hartzeko. Ohiturari eutsiz, larunbatean zortzi, abenduaren 3an, Pirinioetako sareetako usazale guztien (Etxalar, Sara, Napal, Oskix, Lanne, Lantabat, Lekunberri eta Aldude) bazkaria eginen dute Alduden. 

Bisitei dagokienez, 270 lagun inguruk egin dituzte bisita gidatuak Etxalarren. Bisitetarako bai, eguraldi ederra izan da. 

Pirinioetako bertze usategiak

Orokorrean urtea ona izan ez bada ere, Napal eta Lantabat herrietako sareetan mila uso baino gehiago harrapatu dituzte aurten, 1.548 eta 1.102 hurrenez hurren. Podiumeko hirugarren koxka Oskixentzat izan da (703). Hiru usategi hauetan bakarrik harrapatu dituzte iaz baino uso gehiago. Laugarren postua Lannerentzat izan da (282), bosgarren Etxalar (123), seigarren Aldude (86), zazpigarren Lekunberri (57) eta zortzigarren postua eta aurtengo boneta ttikia Sararentzat (31). Katagorenan eta Behorlegin ez dituzte dagoeneko sareak hedatzen azken urteetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun