Frantziak Bertsolaritza kultura ondare immaterial gisa onartu du

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 26a, 12:00
Amets Arzallus 2021eko Xilaba txapelketa txapelduna.

Pasa den udaberrian egin zion eskaera Frantziako Kultura Ministerioari Bertsularien Lagunak elkarteak, eta aste honetan hartu du baiezko erantzuna: bertsolaritzak kultura-ondare immaterialaren izendapena lortu du Ipar Euskal Herrian.

Izendapen horren ondotik, bertsolaritza bi lurraldetako katalogotan edo inbentariotan gelditu da bildua: 2018an Nafarroa Garaiko lurraldean izan dezakeen babes mailarik gorenena hartu zuen, eta aurten, Frantziako kultura-ondare immaterialaren zerrenda nazionalean sartu du Frantziako Kultura Ministerioak.

Elkarteko kide Ainhoa Elizondok aipatu duenez «duen garrantzia eman behar zaio izendapenari, ez gehiago eta ez gutiago: bertsularitza mugimendu bizia da gaur egun herriz herri eragile, sortzaile eta pertsona askok egindako lanari esker urtetako lanari egindako aitortza gisa hartu behar dugu izendapena». 120 bat saio edo ekimen antolatzen dira urtero, adin guztietako 45 bat bertsulari daude, 70 talde daude hezkuntza arautuan, bai ikastola zein eskola elebidunetan, eta 250 ikaslek izena eman dute bertsu eskoletan.

Iaz abiatu zuen proiektua Bertsularien Lagunak elkarteak. Beñat Iturralde Agirre antropologoaren gidaritzapean eta Thaïs Boukellaren laguntzarekin osatu da bertsolaritza ondare immaterialaren katalogoan sartzeko beharrezko den ikerketa lana. Fabien Van Geert Parisko Sorbonne Nouvelle Unibertsitateko antropologoa aritu da arduradun zientifiko lanetan. Hauek ez dira lankide bakarrak izan ordea, Iturraldek ondoan izan baititu Euskal Kultur Erakundeko Terexa Lekunberri antropologoa eta inauteri eta euskal tradizioetan aditu den Thierry Truffaut ere. Xenpelar Dokumentazio Zentroko kideen laguntza ere nahitaezkoa izan da lana burutzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun