Karrikaburuk eta Albiasuk irabazi egin dute Bortz Kirol txapelketako bigarren jardunaldian ere

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 21a, 19:00
Davi Albiasu narbartearrak menpean hartu zuen Oroz Beteluko Arzelus.

Erreka elkarteak antolatutako Bortz Kirol txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zen azaroaren 19an, larunbat arratsaldean, Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Lehen jardunaldian irabazle suertatu ziren Donibane Garaziko Jerome Karrikaburu eta David Albiasu narbartearra oraingoan ere irabazle suertatu ziren, eta finalerdietarako txartela ia segurtatu dute. Julen Iriarte narbartearrak ere irabazi egin zion Imanol De Rueda doneztebarrari.

Lehen partidan Iriarte eta De Rueda aritu ziren nor baino nor gehiago. Xarearekin finago aritu zen Iriarte, gutxiago galduz eta jokamolde honetan eman dituen aurrepausuak erakutsiz. Honela 20-9 koa izan zen emaitza narbartearraren alde. Joko garbiarekin lehia estuagoa izan zen,  baina hemen ere Iriartek gutxiago galdu zuen, bere aldeko 20-16koa lortuz. Eskularruarekin De Rueda zen faborito, eta markagailu handia behar zuen bere alde, paletan Iriarteri aurreikusten zitzaion nagusitasuna zela eta. De Rueda nagusitu bazen ere, Iriartek 10 tanto erdietsi zituen, eta lehia orokorra bere aldera eroriko zela zirudien, paletaz hasi aintzinetik 5 tantoko abantaila zeukan eta. Paletan, aurreikusitakoa bete zen, eta 20-6 irabazi zuen Iriartek. Honela, eskuz hasi aitzinetik De Ruedak partida irabazteko 1ean utzi behar zuen Iriarte. Ugalderen kontrako partidan eskuak justu antzean bukatu zituela eta, eskuz ez lehiatzea erabaki zuen De Ruedak, horrela 20-0koa Iriarteren alde eroriz. Partida orokorra 90-51 Iriarteren alde eta De Rueda finalerdietarako aukerarik gabe gelditu da.

De Rueda eta Iriarte. Narbartearrak garaipena lortu zuen eta finalerdietan sartzeko aukerarik gabe utzi du doneztebarra.

Bigarren partidan, Karrikaburu eta Andoni Ugalde oiartzuarra aritu ziren. Lehen partidan ikusitakoaren arabera, lehia hau irabazten zuenak finalerdietarako txartela ziurtatuko luke. Xarean emaitzak jartzen duena baina peloteo gehiago egon zen arren, Karrikabururen segurtasuna eta esperientzia nagusitu zen, bere aldeko 20-3 koa eskuratuz. Joko garbian ere antzekoa pasa zen, Ugalde jokamolde hauetan astetik astera hobekuntza erakusten ari bada ere, 20-4koa izan zen emaitza Karrikabururen alde. Eskularruarekin sekulako partida jokatu zuten bai batak nola bertzeak. Ugaldek peloteoan nagusi bazen ere, Jeromek sekulako defentsa erakutsi zuen, bukaeran bere aldeko 20-16koa lortu. Paletan ere nagusi izan zen Karrikaburu, txapelketa honetako faborito nagusia dela erakutsiz. Eskuan berriz, Ugaldek 5 tantoan utzi zuen Karrikaburu, baina hemen ere, ikaragarria izan zen Jeromek defentsan erakutsitako maila. Partida orokorraren emaitza 85-55 koa izan zen Donibane Garazitarraren alde.

Karrikaburuk bigarren garaipena lortu du Ugalde oiartzuarraren kontra eta Donibane Garazikoa finalerdietan izanen da.

Hirugarren partidan, Narbarteko David Albiasu eta Oroz Beteluko Iñaki Arzelus ziren aurrez aurre. Xarean Arzelus izan zen nagusi, baina Albiasuk bere hobekuntza erakutsi zuen, tanto polit batzuk utziz. (20-5). Joko garbian lehia estuagoa izan zen, 20-14 izan baitzen emaitza Arzelusen alde. Eskularruarekin berriz, partida bere alde ekartzen hasi zen Albiasu, 20-11 irabazita. Paletan Albiasu faboritoa zen, eta Arzelusek ahalik eta tanto gehien lortu beharra zituen, baina narbartearrak 20-3 irabazi zuen. Dena eskuzko partidan erabakiko zen. Arzelusek partida orokorra irabazteko partida irabazi eta Albiasu 16 tanto azpitik utzi beharra zuen. Hasiera berdindu baten ondotik, ordea, Albiasuk 20-5 irabazi zuen. Honela, partidan guztira 79-59 irabazi zuen Albiasuk.

Arzelus eta Albiasu. Narbartearrak bigarren garaipena lortu du eta finalerdietan izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun