Nafarroako sokatira txapelketako txapel guztien jabe egin da Beti Gazte

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 21a, 14:00

Amaiur bigarren izan da emakumeen txapelketan eta hirugarren gizonezkoen pisu arinean ere Elizondon jokatutako hondarreko jardunaldian

Nafarroako sokatira txapelketako laugarren eta hondarreko jardunaldia jokatu zuten larunbat arratsaldean Elizondoko Baztan pilotalekuan. Gizonezkoen 600 kiloko eta emakumezkoen txapelketako bigarren jardunaldia eta finalak jokatu zituzten eta bietan Lesakako Beti Gazte nagusitu zen. Argazkiak: Juan Mari Ondikol

Emakumezkoen seinakako txapelketan Beti Gaztek tiraldi guztiak irabazi zituen, baita Amaiurren kontrako finala ere. Beraz, Beti Gazte txapeldun, Amaiur txapeldunorde eta Araxes hirugarren izan ziren podiumean. Ondotik sailkatu ziren Berriozar, Txantrea eta Antsoain. Talde txapeldunean Irantzu Goienetxe, Udane Arbelaitz, Ainhoa Etxegarai, Ane Gurrutxaga, Ainhoa Ubiria eta Maria Iantzi aritu ziren tiran, Joxe Angel Mitxelena entrenatzaile zutela.

Gizonezkoen 600 kilokoan lan gehiago egin behar izan zuten Beti Gazteko tiralariek txapela janzteko, finalean Berriozarrekin berdindu ondotik, kitarakoa irabazi behar izan baitzuten. Kategoria honetan ere Amaiur podiumera igo zen hirugarren postuan, Txantrea laugarren izan zen eta Antsoain bosgarren.

Beti Gazteko zortziko txapeldunean, Karmelo Mitxelena, Beñardo Iantzi, Unai Gurrutxaga, Beñat Ordoki, Iñigo Altzugarai, Mattie (Araxes), Agoitz Altzugarai eta Gerardo Telletxea aritu ziren, Oskar Telletxea entrenatzaile zutela.

Gauzak honela, Beti Gaztek lortu ditu Nafarroako txapel guztiak, gizonezkoen 640 eta 600 kilokoa, mistoa eta emakumeena. Amaiurrek ere lan bikaina egin du: gizonezkoen bi kategoriatan hirugarren izan da eta bigarren emakumeen txapelketan. Txapelketa mistoan bi talde kantxaratu zituen, baina ez zuen podiumera igotzerik lortu.

Euskal Herriko launakakoan orain

Nafarroakoaren ondotik, atsedenerako astirik gabe, Euskal Herriko launakako sokatira txapelketa hasiko da datorren asteburuan. Azaroaren 28an, igandean 11:30ean hasita, emakumeen txapelketa jokatuko dute Antsoainen, 250 kiloko kategorian. Gizonezkoen txapelketa abenduaren 4an jokatuko dute txapelketa, 310 kiloko kategorian, Ezpeletan; eta abenduaren 10ean, txapelketa mistoa jokatuko dute 280 kiloko kategorian, Berriozarren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun