Nafarroako zortzigarren txapela jantzi du Iker Vicentek Donezteben

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 21a, 08:00

Zigako Joxean Etxeberria txapeldunorde izan da Nafarroako lehen mailako aizkolari txapelketaren finalean, iaz bezala.  Argazkiak: Juan Mari Ondikol eta Ibon Errazu

Nafarroako lehen mailako aizkolari txapelketaren finala jokatu zen ortziralean Donezteben. Espero bezala, Otsagabiko Iker Vicentek bere zortzigarren txapela jantzi zuen. 33 minutu eta 10 segundo behar izan zituen hamar enborrak mozteko (lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko), eta bortz minutu baino gehiagoko aldea atera zion bigarren izan zen Zigako Joxean Etxeberriari (38.34). Podiumaren hirugarren koxkara Errazkingo Eneko Saralegi igo zen (40.28). Joan den urtean Beintza-Labaienen jokatutako finaleko podiuma errepikatu zen, beraz.

Arribeko Txomin Amundarainek eta Ibai Soroak lehen parte-hartzea zuten finalean eta laugarren eta bosgarren izan ziren. Amundarainek 42 minutu eta 40 segundo behar izan zituen lanak burutzeko eta Soroak 44 minutu eta 8 segundo.

Zortzigarren txapel honekin, Donato Larretxearen marka berdindu du Iker Vicentek. Floren Nazabalek Nafarroako bederatzi txapel jantzi zituen eta Mikel Mindegiak hamar. Beraz, esku-eskura du marka horiek Vicentek, batez ere 25 urte bertzerik ez dituela kontuan hartuz.

Sari banaketan Leire Ortuoste Doneztebeko alkatea, Jon Telletxea eta Patxi Larretxea Nafarroako Herri Kirol Federazioko ordezkariak eta Miguel Angel Pozueta, Nafarroako Kirol Institutuaren zuzendaria izan ziren.

Txapelketa ofiziala hasi baino lehen eta ondotik, harri-jasotze erakustaldia eskaini zuten Lierni Osa eta Mikel Lopetegi ‘Urra’ zarauztarrek.

Euskadiko bigarren mailakoan ere Iker Vicente txapeldun

Ortziralekoa Donezteben ez da asteburu honetan Iker Vicentek jantzi duen txapel bakarra. Igandean Markina-Xemeinen Euskadiko bigarren mailako txapelketaren finala jokatu zen eta han ere txapeldun suertatu zen Otsagabikoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun