Pandemia garaiko gailurra jo gabe, baina urtetik urtera goiti doa eskualdean indarkeria matxistengatik aurkeztutako salaketa kopurua. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Atalak TTIPI-TTAPAri emandako datuak dira horren erakusle. Konparazio batera, joan den urtean, ilbeltzetik abendura 20 salaketa aurkeztu zituzten TTIPI-TTAPAren eremuan. Aurten, irailera arteko datuak kontuan hartuz, dagoeneko gainditua da kopurua: 25 salaketa izan dira, iaz garai berean baino hamabi salaketa gehiago.
Erasotzaile gehienak 30-49 urtekoak
Aurten aurkeztutako 25 salaketa horien artean, hamahirutan erasotzaileak 30 eta 49 urte bitartekoak izan dira; 18 eta 29 urte bitartekoei sei eraso egin izana leporatu diete; 17 urtez azpikoek egindako erasoak hiru izan dira; 65 urtetik goitikoenak bi eta 50 eta 64 urte bitartekoena bakarra.
Bereziki eraso fisikoak eta psikikoak
Salaketa erdietan baino gehiagotan biktimek eraso fisikoak eta psikikoak, biak, izan dituztela adierazi dute, zehazki, 25 salaketetatik hamahirutan gertatu da hori. Sexu eraso kopurua ere ez da nolanahikoa, sei salaketa izan baitira. Eraso psikikoa sufritu izana hiruk salatu dute; bertzelako bi eraso ere izan dira eta urruntze agindua urratzeagatik salaketa bat aurkeztu dute.
Eraso gehienak bikotekide ohiek egindakoak
25 kasuetatik hamarretan erasoak bikotekide ohiek egindakoak izan dira, eta bertze zortzi momentuko bikotekideek egindakoak. Familiakoengandik erasoa izan duten bortz salaketa ere izan dira. Erasotzaileak eta biktimak harremanik ez zutenen arteko salaketa bat ere izan da eta bertze bat bertzelako harremanen bat zutenen artean.
Biktima gazteak
Salaketa aurkeztu dutenen adinari erreparatuz, 25etik hamalau 30 eta 49 urte bitartekoek aurkeztutakoak izan dira. 18 eta 29 urte bitartekoek zazpi salaketa egin dituzte eta 17 urtez beheitikoen salaketa kopurua ere aipatzekoa da: lau dira.
Indarkeria matxistaren gaia erdigunean paratuz, eskualdeko talde feministengana jo du TTIPI-TTAPAk eta zortzi taldetako kideek erantzun diote TTIPI-TTAPAren deiari: Xaretako Feministak taldeko Aline Oronoz saratarrak, Goldatz Berako talde feministako Ines Matxiarenak, Arantzako Talde Feministako Maddi Larraldek, Goizuetako Emakume Taldeko Larraitz Mendizurik, Baztan Iñarrosi talde feministako Uxue Mugirok, Etxalarko Talde Feministako Miren Olaetxeak, Xulufrinak Lesakako Sare Feministako Leire Pastorrek eta Lañaidek Leitzako neska* gazteen taldeko Ainara Saralegik. Gaur hasi eta ondoko egunetako horietako bakoitzaren testigantzak argitaratuko ditu TTIPI-TTAPAk ERRAN.EUSen. Gaiaren inguruko kontzientzia, indarkeria matxistaren iceberga eta alderdi ikusezina, ziztadak, etorkizuneko erronkak eta bertze hainbat kontu atera dituzte mahai gainera. Denak bat datoz oraindik egiteko aunitz dagoela erraterakoan.