Autoen asegurua egiterakoan, zer komeni da begiratzea?

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 20a, 12:00

Nafarroako gidarien % 38k aseguru konpainia aldatu du azken hamar urteotan. Hala ageri da Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak agindutako inkesta batean. Adin tarteka, 46 eta 65 urte bitartekoak dira polizaz gehien aldatu dutenak; gazteenak eta zaharrenak, aldiz, konpainia berarekin segitzeko joera dute merkatuko eskaintzei kasurik egin gabe. Irachek polizak konparatzea gomendatzen du, egokiena kontratatzeko.

Diferentzia handiak aseguru konpainien artean

Irachek ikerketa batean egiaztatu du polizen arteko prezio-aldeak handiak izan daitezkeela. Konparaziora, hirugarrenendako aseguru batean 247 eurorainoko diferentziak egon daitezke, 158 eurotik 395 eurora bitartekoak, eta arrisku orotako poliza batean, gehieneko aldeak 1.155 eurotik gorakoak izan daitezke, 491 eurotik 1.646 eurora bitartekoak. Inkestaren arabera, gidarien % 43k konpainien prezioak konparatzen dituzte beren auto edo motorraren asegurua kontratatu baino lehen.

Prezioaz gain, estaldurak eta zerbitzuak begiratzea komeni da

Hori bai, prezioa bera ez da irizpide nahikoa, aseguru batzuek eta bertzeek eskaintzen dituzten estaldurak eta zerbitzuak baloratu beharko baitira: poliza batzuek haustura eta lapurreta estaltzen dituzte, eta bertze batzuek ez; batzuek atzerrian zaudenean ere babesten zaituzte eta bertze batzuek ez; batzuek edozein kalte sartzen dute karrozerian, eta bertze batzuek ez. Aseguruen arteko diferentziak kontuan hartzeko modukoak dira. Konpainia bakoitzaren zerbitzuak eta estaldurak ezagututa bakarrik balora daiteke behar bezala aseguruaren prezioa. Hala ere, lau pertsonatik batek (% 26) ez daki zer estaldura eskaintzen dituen bere aseguruak.

Horregatik, Irache Kontsumitzaileen Elkarteak polizak begiratu eta konparatzera animatzen ditu kontsumitzaileak, prezioa eta prestazioak baloratuz, eta norberarendako egokiena dena aukeratuz.

Urteak dira prezioa garestitzen ari dela

Kontsumitzaileei egindako inkestan ageri denez, kasuren batean, zenbatekoa urte batetik bertzera berrehun euro igo zaie. Kontsumitzaileak erreklamatu duenean, konpainiak adierazi omen die igoera horren berri emana zietela, nahiz eta aldaketarik berririk izan ez. Bertze kasu batzuetan, prima gero eta garestiagoa da, edo konpainiek justifikatzen dute erranez estaldurak handitu egin dizkietela, nahiz eta kontsumitzaileak estalduretan aldaketarik ez eskatu.

Irachek ohartarazten du polizan jasota ez dagoen aseguru-primaren edozein aldaketa bi hilabete lehenago jakinarazi beharko zaiola kontsumitzaileari, eta hark espresuki onartu beharko duela. Horrela egiten ez bada, aseguruaren kostuak berdina izaten segitu beharko du.

Eguneratze-formula nahasgarriak

Aseguru etxeen artean bertze gai gatazkatsu bat primak eguneratzeko formulak izaten dira. Oro har, formula horiek ez dira ongi ulertzen, eta kontsumitzaileari ez zaizkio azaltzen kontratatzen duenean, nahiz eta zuzenean eragin dezaketen etorkizunean ordaindu beharreko prezioan. Ziurrenik ezagunena bonus-malus formula izanen da, bezeroak izan dituen ezbeharren arabera prima murrizten edo garestitzen duena. Hala ere, kontsumitzaileek maiz Irachera jotzen dute formula hori ezagutzen ez zutelako edo aplikazioarekin konforme ez daudelako; izan ere, adibidez, istripuren batean biktima izan eta inolako erantzukizunik izan gabe, ezbeharra biktimari konputatu zaionean.
 

Hartu astia konpainia desberdinen polizak konparatzeko

Poliza bat edo bertze bat aukeratzerakoan, komeni da merkatua denboraz aztertzea, presarik gabe. Horregatik, komeni da indarrean dagoen poliza automatikoki berritu baino lehen, hilabete batzuk lehenago, bertze aseguru etxeen eskaintzak ikusi eta baloratzea.
 

Polizari baja eman baino lehen idatzita abisatu behar zaio oraingo konpainiari

Asegurua automatikoki berritzen den eguna baino hilabete lehenago jakinarazi behar du kontsumitzaileak ez duela autoaren asegurua luzatu nahi. Arras garrantzitsua da idatziz eta modu frogagarrian egitea.
 
Ez dira guti Irachera etortzen direnak erranez aseguruari telefonoz baja eskatu ziotela, eta ondotik ikusi dutela, hala ere, poliza berritu egin dietela. Horietako batzuek poliza berri bat kontratatu dute, eta, beraz, bi prima ordaindu behar dituzte. Aseguru-etxearekin harremanetan jartzean, hark dio ez duela baja eskaerarik hartu.
 

Segun eta estalduran zer sartzen den eta zer ez den sartzen, ikusiko dugu komeni zaigun edo ez

Arras komenigarria da ongi aztertzea aseguru kontratuan zer sartzen den eta zer ez den sartzen, paperak eskuan hartuta. Hor ikusiko dugu zer egoeratan arduratu behar duen konpainiak izan dugun kaltea konpontzeaz, eta ea prima garestia edo merkea den horren arabera.

Horretan gaudela, komeni da polizak dituen mugak ongi begiratzea. Maiz, kontsumitzaileek Irachera egiten dituzten bisitetan diote, ez dutela ulertzen aseguruak zergatik ez dien estali matxura atzerrian gertatu denean, edo zergatik ez zen garabia bertaratu autoa mendiko pista batean gelditu zaienean. Kasu horietako gehienetan, bezeroak ezagutzen ez zituen bazterketak edo mugak daude, eta maiz baldintza orokorretan sartuta.

Bertze batzuetan, istripu bat izan ondotik aseguruak kalte-ordain txikiegia ordaindu duela uste dute edo, konpondu beharrean, ibilgailuaren salmenta-balioa bakarrik ordaindu dielako daude haserre.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun