Nafarroako sokatira txapelketako hirugarren jardunaldia jokatu dute azaroaren 12an, larunbatean, Barasoainen. Duela astebete gizasemeen pisu astuneko eta txapelketa mistoko txapelak jantzi ondotik, Beti Gazteko tiralariak agintzen hasiak dira gizasemeen pisu arineko (600 kilo) eta emakumeen seinakako txapelketetan ere. Larunbatean tiraldi guztiak irabazi zituzten Barasoainen.
Gizonezkoen 600 kiloko kategoriako lehen jardunaldian, Beti Gazteren ondotik, Berriozar, Txantrea, Amaiur eta Antsoain sailkatu ziren.
Emakumezkoen seinakako txapelketan, berriz, Beti Gazteren ondotik, bigarren postuan berdindu egin zuten Amaiurrek eta Araxesek, lesakarren kontrako tiraldiak galdu eta elkarren arteko bana eta gainerako guztiak irabazita. Berriozar, Txantrea eta Antsoain sailkatu ziren ondotik.
Gauzak honela, azaroaren 19an, larunbatean 17:00etan hasita Elizondon jokatuko den kategoria hauetako bigarren jardunaldian txapelak janzteko ere faborito izanen dira lesakarrak.