Aitzineko kanpainan enpresekin sinatutako kontratuek ekoizpen kostuak ez dituztela estaltzen dio EHNE sindikatuak: «Horrek egoera beltza iragarri zuen, eta zenbait kasutan egia bihurtu da, hala nola, ustiategiak utzi dituztelako edo esne ekoizpena jaitsi delako».
«35,47 euro gehiago gastatu behar izan dira ardi bakoitzeko»
Zenbakiak «dar-dar» egitekoak direla gaineratu du: «Ekoizpen kostuei dagokienez, pentsuak % 40 igo dira aurten. Eta zer erran energiari buruz, horren hazkundea % 70ekoa baita. Gainera, idorte egoera ezohikoa dela eta, 35,47 euro gehiago gastatu behar izan dira ardi bakoitzeko, eta horrek edozein etxalde kolokan jartzen du».
Gastuen gorako joera horrekin, «ekoizleari ordaindu beharreko prezioa guttienez %30-40 igo behar da» EHNEren irudiko, «esnetarako ardien sektoreak epe laburrean etorkizuna izan dezan». Aitortu du, «igoera handia» dela, baina oroitarazi du «egungo abiapuntua hain ttikia denez, igoera onar daitekeela».
«Berdin ordaindu dute Asaf edo Lacoune ardien eta latxa arrazako ardien esneagatik, eta hori zentzugabekeria da»
«Paradoxa» bat ere aipatu du aste honetako agerraldian: «Gaztelan hemen baino prezio altuagoak ordaintzen dituzte, historikoki beti azpitik izan direnean. Berdin ordaindu dute Asaf edo Lacoune ardien eta latxa arrazako ardien esneagatik», eta hori «zentzugabekeria» dela kritikatu du. Hala, «Idiazabal eta Erronkari jatorri izendapenekin batera, arraza autoktonoen defentsan sektoreak izan duen borroka historikoa deusezean geldi daiteke» EHNEren arabera, «prezioetan desberdintasun argirik ez badago. Sindikatuak eskatzen duen zerbait da, eta egingarria da».
Enpresekin egiten ari diren bileretan % 15 eta % 18 arteko igoerak proposatu dituztela ere aipatu du sindikatuak, baina EHNEren hitzetan, «argi eta garbi, kopuru hori ez da nahikoa». Horregatik eskatu du «enpresen eskaintzak egungo kostuen gorazko egoerara egokitzeko». Bide beretik, «kontratuak berrikusteko» deia egin du: «bertzela, berriz ere zaharkituta geldituko dira, aitzineko kanpainan gertatu den bezala, eta horrek etxalde aunitz hondatuko lituzke». Kontratuak «ekoiztutako esnea entregatu aitzinetik sinatzea» nahi dute, «gaur egun, otsailean sinatzen dira, ekoizpen betean, kobratuko denaren inolako ziurtasunik gabe».