Xiberoko Ikastolek Eguberrietako saskiak salgai jarri dituzte azaroaren 27ra arte

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 10a, 19:00

Zuberoako ikastolak laguntzea eta bertako produktuak ezagutzera ematea du helburu ekimenak. Saskiak online eros daitezke eta aurten banaketa guneak paratu dituzte gure eskualdean

Xiberoko Ikastolak elkarteak tokiko produktuez osatutako saskiak saltzen ditu urtero, eta aurten lehendabizikoz gure eskualdean ere biltzen ahalko ditugu. Eguberriei begira abiatu dute salmenta, eta Zuberoako produktuekin osatu dituzte saskiak. Azaroaren 29ra arte erosten ahalko dira ikaskoli.eus webgunean, eta abenduaren 9rako aurreikusi dute banaketa eguna.

Hiru saski mota jarri dituzte salgai, Zuberoako hiru eskualdeetako produkzio ttipiko eta kalitate handiko produktuekin:

  • Pettarra 51 eurotan: Ahate gibel berrosatua, eztia, ardi gazta kiloa, bixkotx gatzatuak eta pastak.

  • Arbaila 57 eurotan: Eztia, bixkotx artisanalak, kilo erdiko bi gazta zati, bixkotx gazituak, erreximenta, tisanak eta pastak.

  • Basabürüa 68 eurotan: Xerri patea, bixkotx artisanalak, ardi gazta kiloa, xahalki axoa, lukainka idorra, eta pastak.

Saskiak Euskal Herri osotik zabalduak dauden banaketa guneetan biltzen ahalko dira. Gure eskualdeko hainbat herritan izanen dira banaketa guneak edo banatzeaz arduratuko diren pertsonak: Lesakan (Arrano ostatuan), Beran (Bidazi elkartean), Igantzin (Imanol Retegi), Arantzan (Itziar Mitxelena), Etxalarren (Irati Lujua), Donezteben (Oier Zulaika) eta Elizondon (Baztandarren Biltzarrako egoitzan).

19 urte saskiak saltzen

2003an hasi ziren Zuberoako bi ikastolak (Alozekoa Basaburuan eta Eperra Pettarrean) tokiko mozkinekin osatutako saskiak saltzen. Joan den urteko salmentaren balorazio ona egin dute, 2.200 saski saltzea lortu baitzuten, eta aurten ere emaitza onak lortzeko asmoarekin abiatu dute ekimena.

Xiberoko Ikastolek adierazi dutenez, «Ipar Euskal Herrian euskarak ez du babes ofizialik eta gutxiagotua gelditzen da. Euskararen etxeko transmisioa Zuberoan eteten ari den heinean, ikastolek dute euskararen transmisioa bermatzen. Ikastolen alde ari den militante orok badaki deus onik ez dela itxaron behar frantses estatuaren aldetik. Murgiltze eredua zalantzan jarri zuten iragan den udaberrian erranez Frantziako konstituzioaren kontrakoa zela. Esandakoa egingo balu, euskararen geroa lander haundian ezar lezake. Beraz, hobe gaurdanik gure esku dauden dinamikak martxan jartzea, bihar eta etorkizunean autonomia haundiago batekin bizitzeko gisan».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun