Aurtengo edizioren leloak (Bat egiteko garaia da), euskarak Nafarroan sufritzen duen «zonifikazio gainditzeko garaia» dela aldarrikatzen du. Horregatik, lau zentzutan kanpainarekin bat egiteko deia egin dute: Nafarroa bat egiteko, euskararekin bat egiteko, Agerreko euskaltzaleekin bat egiteko, eta Nafarroarekin bat egiteko.
Saskiak erosteko modurik sinpleena errigora.eus helbidearen bidez egitea da. Aurtengoan ere, aurreko kanpainetan bezala, hiru saski eskaintzen dituzte: Errigoraren saski klasikoa, beltza (55 euro), saski berde ekologikoa (65 euro) eta saski zuri berezia (75 euro). Horien balioaren % 25 Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari bideratuko zaio.
Kanpaina Ikastolen elkartearekin, AEKrekin eta Sortzenekin elkarlanean egiten du Errigorak, eta diru-ekarpenaren zati bat Tutera, Lodosa eta Vianako ikastolei, AEK-ren euskaltegiei eta Nafarroa hegoaldean sare publikoan D eredua indartzeko Sortzenek antolatzen dituen dinamikei bideratuko zaie.
Agerraldia ekimena sustatzeko
Horrez gain, ekarpenaren bertze zati bat Errigoraren bidez sortu den Agerraldia ekimenari bideratuko zaio. Agerraldia Nafarroako erdialdean eta hegoaldean euskarari hauspo berria emateko sortutako mugimendua da. Euskararen alde dauden herritarrak saretu eta proiektu komun baten barrenean bilduta euskararen ezagutza bultzatzeko, erabilera sustatzeko eta euskararekiko jarrera baikorrak birsortzeko ekintza praktikoak bultzatzea du helburua.
Ekintza praktiko horiekin urteko agenda osatu du Agerraldiak, 2023an ere agenda zabala osatzeko bitarteko nagusia izanen da saskietatik jasoko den ekarpena. Horri esker, tokian tokiko euskaltzaleen ekimenarekin eta gainontzeko Euskal Herriko elkarlanarekin 20tik gora herritan ludotekak, 23 ekoizleren lantokietan euskara planak, kale izendegiak euskaratzeak, Union Tutera babestea eta bertze hainbat ekintza gauzatu ahal izanen dira.
Bereziki zaintzen ari dira Agerraldiaren barrenean, euskaltzaleen saretzea. 40 bat herritako 200 bat euskaltzale elkartuko dira Ager Topaketetan Azkoienen. Topaketa elkar ezagutu zein zaindu eta elkarrekin hausnartzen hasteko mugarri bat izanen da.
Nola egiten da saskien eskaera
Ordainketa egiteko bi aukera daude: alde batetik online, kreditu txartela edo Bizum bidez ordainketa aurretik egina uzten ahal da, baina, nahiago bada, saskiak biltzean eskudirutan ordaintzea ere posible da. Hori bai, diru kopuru zehatza eramatea gomendatzen dute, badaezpada.
Ordainketa metodoa aukeratu ondotik, eskaera erregistratuta geldituko da eta e-Posta bat bidaltzen dute egindako eskaeraren berri emanez eta eskaeraren bila noiz eta nora joan behar duzun gogoraraziz.