Beti Gazteko sokatira taldeak irabazi ditu Nafarroako lehen bi txapelak

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 7a, 10:00

Larunbatean Lesakan jokatutako finaletan nagusitu ziren, gizonezkoen 640 kilokoan eta txapelketa mistoan

Nafarroako sokatira txapelketako lehen bi txapelak banatu zituzten larunbatean Lesakako udal pilotalekuan. Gizonezkoak 640 kiloko kategorian lehiatu ziren eta txapelketa mistoa 560 kiloko kategorian. Bietan etxeko taldea, Beti Gazte gailendu zen eta Berriozar izan zen txapeldunorde. Gizonezkoen kategorian, Amaiur igo zen podiumeko hirugarren koxkara.

Lehenik gizonezkoen 640 kiloko txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zen. Sunbillan urriaren 22an jokatutako lehen jardunaldian berdindu egin zuten Beti Gaztek eta Berriozarrek, baina Lesakan Beti Gaztek tiraldi guztiak irabazi zituen ligaxkan, baita finaleko biak ere Berriozarren kontra. Aipatzekoa da Amaiurren podiumeko hirugarren koxkara igotzea lortu zuela, Txantrea gibelean utzita.

Beti Gazteko talde txapeldunean Karmelo Mitxelena, Ander Mitxelena, Joxe Angel Mitxelena, Oskar Telletxea, Beñardo Iantzi, Beñat Ordoki, Unai Gurrutxaga eta Gerardo Telletxea aritu ziren tiran, Julen Palenzuela erakusle zutela.

Txapelketa mistoan lehia estua izan zen, Beti Gazte eta Berriozarren artean. Lehen jardunaldian tiraldi guztiak irabazi zituzten lesakarrek, baina larunbatean Lesakan elkarren arteko bana irabazi zuten. Finala ere estua izan zen, baina bi tiraldiak Beti Gaztek irabazi eta txapela janztea lortu zuten lesakarrek. Zortziko txapeldunean Ander Mitxelena, Irantzu Goienetxe, Ane Gurrutxaga, Beñat Ordoki, Maialen Lopez, Ainhoa Ubiria, Unai Gurrutxaga eta Gerardo Telletxea aritu ziren tiran, Joxe Angel Mitxelena erakusle zutela.

Txantrea hirugarren izan zen sailkapen orokorrean eta podiumera igo zen.

Ondotik sailkatu ziren Araxes, Amaiur A, Amaiur B eta Antsoain.

 

Orain gizonezkoak pisu arinean eta emakumeak seinaka

Lesakan lehen txapelak banatu ondotik, gizonezkoen pisu arinekoa (600 kilokoa) eta emakumeen txapelketa (hauek seinaka ariko dira, 380 kiloko kategorian) jokatuko dituzte azaroaren 12an Barasoainen eta azaroaren 19an Elizondon. Gizonezkoen pisu arinenean bortz talde izanen dira: Amaiur, Beti Gazte, Antsoain, Berriozar eta Txantrea eta emakumeen txapelketan sei: Amaiur, Beti Gazte, Antsoain, Araxes, Berriozar eta Txantrea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun