Nafarroako sokatira txapelketako lehen txapelak banatuko dituzte larunbatean Lesakan

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 4a, 09:00
Beti Gazteko talde mistoak tiraldi guztiak irabazi zituen Sunbillan eta Lesakan txapela janzteko faborito izanen da.

Txapelketa mistoko eta gizonezkoen 640 kiloko txapelketako bigarren jardunaldi erabakigarria jokatuko da 17:00etan udal pilotalekuan

Nafarroako sokatira txapelketako lehen bi txapelak banatuko dituzte azaroaren 5ean, larunbatean 17:00etan Lesakako udal pilotalekuan hasiko den saioan. Hain zuzen, txapelketa mistoko eta gizonezkoen 640 kiloko kategoriako bigarren eta hondar jardunaldiak jokatuko dituzte.

Urriaren 22an Sunbillan jokatutako lehen jardunaldian, txapelketa mistoan (560 kilo) tiraldi guztiak irabazi zituen Lesakako Beti Gaztek eta 7 puntu eskuratu zituen. Bigarren Berriozar izan zen (6 puntu), hirugarren Araxes (5 puntu), laugarren Txantrea (4 puntu), bosgarren Amaiur B (3 puntu), seigarren Amaiur A ( 2 puntu) eta zazpigarren Antsoain (puntu 1). Gizonezkoen 640 kiloko lehen jardunaldian, berriz, lehen postuan berdindu egin zuten Beti Gaztek eta Berriozarrek, elkarren arteko tiraldi bana eta gainerako guztiak irabazita (3,5 puntu bakoitzak). Amaiur hirugarren izan zen (2 puntu) eta Txantrea laugarren (puntu 1).

 

Emakumeen txapelketa eta gizonezkoen 600 kilokoa ondotik

Lesakan lehen txapelak banatu ondotik, gizonezkoen pisu arinekoa (600 kilokoa) eta emakumeen txapelketa (hauek seinaka ariko dira, 380 kiloko kategorian) jokatuko dituzte azaroaren 12an Barasoainen eta azaroaren 19an Elizondon. Gizonezkoen pisu arinenean bortz talde izanen dira: Amaiur, Beti Gazte, Antsoain, Berriozar eta Txantrea eta emakumeen txapelketan sei: Amaiur, Beti Gazte, Antsoain, Araxes, Berriozar eta Txantrea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun