Berako eta Leitzako institutuetako ikasleak, sarituak izan dira 'Arnasetik' euskarazko sormen lehiaketan

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 2a, 07:00

Saritutako guztiak, sari banaketaren ondotik.

Ni naiz ni eta Minerva eta Mariloli lanek epaimahaiaren onarpena eta publikoaren saria jaso dituzte, hurrenez hurren

Leitzako Amazabal eta Berako Toki Ona institutuetako ikasleek epaimahaiaren onarpena eta publikoaren sari berezia jaso dute Arnasetik euskarazko sormen-lehiaketan. Lehiaketa hori Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak - UEMAk antolatzen du, Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

Lehiaketarako, neska-mutilei proposatu zitzaien “arnasguneak” edo euskara erabilera sozialerako hizkuntza bezala lehenesten duten udalerriak liratekeen haietako ohitura linguistikoen gaineko hausnarketa egitea. Edizio honetan guztira 99 ikus-entzunezko proposamen bildu dira.

1. eta 2. DBHko kategorian, epaimahaiak aldi berean bi lan izendatu zituen garaile, Ni naiz ni, Leitzako Amazabal Institutuko ikaslea den Naiara Juanikorena Mariezkurrenaren lana, «bere egilearen freskotasunagatik», Idiazabalgo (Gipuzkoa) Institutuko Zer dira arnasguneak proposamenarekin batera.

Amazabal Institutuko Naiara Juanikorena eskuinean, saria jaso ondotik.

3. eta 4. DBHko kategorian, Berako Toki Ona Institutuko Mikel Artieda, Nahia Etxepare, Intza Zubieta, Manex Danboriena eta Maitane Erkiziak egindako Minerva eta Mariloli lanari publikoaren saria eman zaio, 1.000 pertsona baino gehiago izan baitura botoa eman diotenak.

Mila pertsona baino gehiagoren botoa jaso du Toki Ona institutuko ikasle hauen lanak.

Sarituek 500 euroren baliokide bat jasoko dute, Irisarri Land-era joateko sarrerengatik, Durangoko liburu Azokako denda birtualeko materialagatik edo EITB, Goazen! nahiz Irabazi arte! EITBko telesailetako produktuengatik trukatu ahal izanik.

Irailean abian jarri zen Arnasetik sormen lehiaketak joan den astean ospatu zuen sari banaketaren ekitaldia, Amasa-Villabonako Gure Antzokian (Gipuzkoa), Julen Portillo youtuberrak aurkeztutako gala batean eta Sara Alonso abeslariaren emanaldia lagun.

 

Ikasleriak betetzeko zereginak

Ekitaldiak, zeinek 2019an bere lehenengo edizioa ospatu zuen, hiru kategoria definitu zituen, adinen araberako eskakizun ezberdinekin. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleen kategorian, ikasleek formatu askean (marrazkia, bertsoa, poema, bideoa, kanta, etab.) islatu behar izan dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako jauzia. Hain zuzen, udalerri hauetako asko herri txikiak dira eta bertako ikasleak ezinbestean mugitu behar izaten dira handiagoak diren udalerrietako ikastetxetara DBH ikastera, bestelako errealitate linguistikoekin topatuz. Kategoria honetan guztira 40 lan aurkeztu dira.

1. eta 2. DBHko kategorian ikasleei eskatu zitzaien bideo tutorial bat sortzea, zeregin horretan erreferentziatzat hartuz Julen Portillo youtuberraren grabaketa bat. Kategoria honetan 52 lan hartu dituzte.

3. eta 4. DBHko kategorian, gazteei proposatu zaie bideo bat osatzea, protagonistaren galderei emango lizkiekeen erantzunekin. Kategoria honetan 7 lan hartu dituzte.

 

Arnasa Gara, hainbat entitateren arteko lankidetza

Amaiera ekitaldian, Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari gerenteak hiru erakundeen arteko lankidetza azpimarratu zuen: “Baterako-lanarekin aurrera egingo dugu arnasguneek gizartean orokorrean duten garrantzia sozializatuko bada”. Ildo horretatik, eskertu nahi izan zuen UEMAk eginiko lana: «Eskerrik asko zuen lanagatik, eskerrik asko Nafarroako udal euskaldunetarako erreferentzia bat izateagatik, eta udalerri hauen balioa bistaratzen laguntzeagatik».

Gainera UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko Iraitz Lazkano lehendakariak, 2019tik egundaino eginiko ibilbidea berrikusi zuen. Ibilbide hau, erran zuenez, «emankorra» izaten ari da eta hala segituko da izaten ondorengo urtetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun